Ikatz Gane eta Aroztegia proiektuen kontra egiteko, laguntza eskatu du Sañu Bizirikek

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2026ko martxoaren 14a

Arano inguruan eragina izango luke Ikatz Gane proiektuak, besteak beste. (Kronika)

Sañu Bizirik taldeak dei egin die herritarrei Ikatz Gane makroproiektu eolikoaren aurkako alegazioak sinatzeko, baita Aroztegiko isunekin laguntzeko ere. 

 

Sañu Bizirik taldeak bi proiekturen aurka egiteko laguntza eskatu die herritarrei: batetik, Ikatz Gane makroproiektu eolikoaren aurkako alegazioak sinatzeko, eta, bestetik, Aroztegiko isuna ordaintzen laguntzeko. 

Ikatz Gane Hernaniko (Gipuzkoa) eta Aranoko (Nafarroa) lurrak hartu asmo dituen makroproiektua da; 199,5 metroko bost aerosorgailu jarri nahi dituzte eremu horretan. Enigma Green Power enpresaren bidez, Endesa da proiektu hori aurkeztu duena. Proiektu horren aurka egiteko, Urumeako Mendiak Bizirik eta Sagarreta taldeak borrokan ari dira, eta alegazioak sinatzera deitu dituzte herritarrak. Sañu Bizirikek deiarekin bat egin du, eta alegazioen kopiak jarri ditu Urtzi eta Haginpe tabernetan, denen eskura. "Garrantzitsua deritzogu, batetik, enpresen mozkinak helburu soil dituzten proiektu hauek geldiarazteko lanean gure aletxoa jartzea. Eta, bestetik, bere garaian Piaspe gelditzeko beste herrietatik jaso genuen elkartasunari erantzutea eta gure aletxoa jartzea nahi dugu", adierazi du Sañu Bizirikek. Alegazioak aurkezteko epea apirilaren 10ean amaitzen da. "Herritarrei dei egiten diegu horiek sinatzera gertura daitezen. Lurra defendatzen jarraituko dugu!", erantsi du taldeak. 

Bestalde, Aroztegiko kausan jasotako isunei erantzuteko, diru bilketan hasiak dira. 70.000 euro biltzea behar dute, eta kontu korronte zenbakia zabaldu dute bertara ekarpenak egiteko. ES82 3035 0136 37 1360022868 da transferentziak egiteko kontuaren zenbakia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide