Datorren asteko igandean, apirilaren 26an, ospatuko du Sañu Bizirikek aurtengo Sañoa Eguna. Aurtengoa berezia izango dela ezin uka, Sañoa inguruko mendigaineko zelaiak txikitzekoa zen zentral eoliko proiektua atzera bota eta gero egingo den lehena izango baita. Garaipen kutsua izango duen eguna, beraz, hiru urte luzez auzotarrek, mendizale taldeek, naturaren kontserbazioaren aldeko elkarteek eta, oro har, herritarrek lurraldearen defentsan aurrera eramandako borrokaren emaitzaz gozatzeko.
Ospatu eta gozatu bai, baina horretarako bezainbeste toki izango du aldarrikapenak ere. Ezin baita ahaztu onartzeko dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) gure eskualdean bertan, Sañoa-Etumetatik bertatik bertara, Errezilen Komisolatza ingurua, Aizarnako ibarra eta, hegoalderago, Beizama eta Bidania-Goiatz arteko mugartea jopuntuan ipini dituela, makroproiektuak direla eta –bai eolikoak, bai fotovoltaikoak–. Izan ere, berriki zabaldu du Eusko Jaurlaritzak makroproiektu berriztagarrien hedapen azkarreko egitasmoa.
Hilaren 26an, Azpeititik (09:00etan, plazan), Zestoatik (09:00etan, Gurutzean) eta Errezildik (08:30ean) Sañoara taldean igotzeko hitzorduak antolatu ditugu, nahi duen guztiarentzat.
Behin bertara iritsita, goiza girotzeko, trikitilariak eta auzotarrek eskainitako salda eta mokaduak izango dira bertaratzen diren guztientzat.
Apirilaren 22an, hitzaldia
Igandekoa berotzeko, berriz, asteazkenean, hilaren 22an, Energia berriztagarrien sokatira hitzaldia antolatu dugu azken hiru urte hauetan bidelagun izan dugun Aitziber Sarobe Egigurenekin eta LPS Honi Ez! dinamikako kide Alain Arruti Agirrerekin. Azoka Plazako aretoan izango da, 19:00etan.
Aitzakiarik ez, beraz, datorren astean entzuteko, parte hartzeko, ospatzeko eta aldarrikapenerako tartea hartzeko. Guztiok zaudete gonbidatuta.