Bi aste igaro dira Sañu egunetik, eta aurtengoa berezia izan da, urteroko aldarrikapenez gain, ospakizunerako ere balio izan baitu. Lehenengo eguna izan da Statkraft enpresaren makroproiektu eolikoa atzera botatzea lortu genuenetik. Horrek ez du esan nahi gure inguru naturala salbu dagoenik; kontrara, hainbat eta hainbat makroproiekturen berri izan dugu azkenaldian. Proiektu horiek Euskal Herriko txoko ezberdinetan kokatzen badira ere, Araba da gogorren kolpatutako lurraldea: Abiadura Handiko Trena, makrozentral eolikoak eta fotovoltaikoak, goi-tentsioko eta oso goi-tentsioko lineak, makro datu-zentroak, biometanizazioko makroplantak, nekazaritzako makro-ustiategiak… bezalakoak eraiki nahi dituzte.
Gainera, makroproiektu horien helburua ez da gizartearen beharrei erantzutea, horien sustatzaile, enpresari eta funts putreak aberastea baizik. Horiekin bat eginez, erakundeek eta alderdi politikoek proiektu horiek justifikatzen dituzte garapen ekonomikoaren edo trantsizio ekologikoaren izenean, Arabako lurraldearekin espekulatuz eta lurralde-industrializazio ereduan sakonduz. Horrek guztiak ez du soilik ingurune naturala suntsitzen edo paisaia zikintzen; ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur eta mendi komunalak desjabetzen dizkigu, landa-eremuko bizi-proiektuak hausten ditu eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu.
Gogoan izan behar dugu Sañuko proiektuaren mehatxupean egon ginen modu berean daudela hainbat herri eta eskualde; bertan antolatu eta aurre egiteaz gain, ezinbestekoa da horiei elkartasuna eta babesa adieraztea. Deitzaileek dioten bezala, "leku horietan burutzen den borroka gure borroka ere bada, eta gure borroka beraiena da, lurraren defentsak eta gizarte osoarentzat bidezko garapen soziala bilatzeak batzen gaituelako".
Esandako guztiagatik, Sañu Biziriketik dei egiten dizuegu maiatzaren 23an Gasteizen Makroproiekturik ez! lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera. Gasteizera joateko autobusa antolatuko dugu, eta horretarako izena Urtzi eta Haginpe tabernetan eman beharko da.