Larunbat honetarako deituta dugun elkarretaratzea dela eta, sei pankarta jarri genituen atzo arratsaldean herriko sei puntutan: Etxe-Zuri aurrean, Landetako biribilgunean, Perretxiko aurrean, Ikasberriko biribilgunean, Artzubiko biribilgunean eta Berdura Plaza atzean.
Gaur goizean, pankarta guzti-guztiak kenduta zeudela ohartu gara. Nork kendu dituen argitu nahian gabiltza, baina, momentuz, ez dugu horren inguruko informaziorik. Jakin badakiguna zera da: azken asteotan behin baino gehiagotan kendu ditu Ertzaintzak herriko zenbait kolektibo politikok jarritako pankartak, askoren adierazpen askatasuna urratuz eta EAJren polizia papera zintzo betez.
Osasun krisia ondorio larriak uzten ari da milaka herritarrengan; aurrikusi dezakegu ondorio horiek are larriagoak izango direla datozen hilabeteotan. Urkulluren eta bere jauntxoen kudeaketa negargarria ari da izaten, eta herritar xeheak gara, berriz ere, osasun krisiaren ondorio latzak pairatzen ari garenak. Horregatik, mobilizazioa, salaketa eta aldarrikapen politikoak kalean egotea beharrezkoa dela uste dugu. Oztopo guztien gainetik, horretan jarraituko dugu.
Amaitzeko, Non dago diru publikoa? lelopean, larunbat honetan, 13:00etan, anbulatorioaren aurrean egingo dugun mobilizaziora hurbiltzeko gonbidapena egin nahi diegu herritarrei.