Hiru hilabete baino ez dira igaro abenduko lan heriotza hartatik. Hiru hilabeteren barruan bi pertsonek bizitza galdu dute gure herrian lanean ari zirela. Aski da.
Astea joan eta astea etorri, jendea hiltzen ari da lan istripuen ondorioz, jendea hiltzen ari da patronalak interes ekonomikoak lehenesten dituelako, jendearen bizitzen aurretik jartzeraino.
Kapitalaren logika da lan-istripuen atzean dagoena. Gutxi batzuk dirutzak irabazten ari dira milaka langileren izerdiaren kontura, eta administrazioek bestaldera begira jarraitzen dute; ez dute errealitate krudel honen aurrean ezer egiten, ez dutelako patronalaren eta kapitalisten interesen aurka jarri nahi.
Duintasunez bizi ahal izateko lan egin nahi dugu, ez dugu eginahal horretan bizitza galdu nahi. Ez ditugu gure lankideak lanean hiltzen ikusi nahi, ez dugu nahi inongo langilek bere osasuna eta bizitza arriskuan jar dezan.
Prekarietatea hiltzailea, lan istripurik ez lemapean, gaur arratsaldeko 18:00etan Azpeitiko plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.