1975eko irailaren 27an fusilatuta erail zituzten Txiki eta Otaegi, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik. Gaur, 46 urte geroago, Txikiren eta Otaegiren eta gure herriaren askatasunaren alde eroritako hainbat borrokalariren Euskal Herriak eta haien borrokak bizirik jarraitzen duela aldarrikatu nahi dugu.
Bizirik jarraitzen du lehengo eta oraingo abertzaleon borrokak, baina gure herriaren askatasuna ukatzen dutenek lehengoan jarraitzen dute, indarrez ezarri zuten zapalkuntza indarrez mantendu nahian. Indarrez, kriminalizatuz eta beren epaitegi berezien bitartez memoriarako eskubidea ukatu nahi digute; beren indarkeriak zapaltzen duen Herri honi izateko eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, beren indarkeriaz eragin dituzten eta eragiten dituzten kaltetuen eskubideak ukatuz.
Baina beren errelatoarekin gurea ukatzea ere helburu dute, bestearen errelatoa eta memoria ukatzea menpekotasuna mantentzeko oinarrizkoa dutelako. Horregatik desitxuratzen eta ukatzen dute gure herri honekin duten gatazka politikoa dela, eta frankismoan ezartzen zuten zapalkuntza nazional berbera dela gaur ezartzen dutena. Eta Estatu handien indarraren arrazoia da, herri txikien arrazoiaren indarrari inposatzen zaion logika hipokrita eta totalitarioa da.
Bide horretan beste pauso bat eman zuen atzo Auzitegi Nazionalak, Sorturen Kalera Info aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunea ixteko aginduz. Gertaera erabat larritzat jotzen dugu informatzea bezalako eskubide eta zilegiaren aurka egin baidute. Eraso honen bitartez, mugimendu politiko oso baten aurka egin dutela salatu nahi dugu.
Baina askatasun nahiaren arrazoietan aski indar eta grina izan zuten gure aurrekoek frankismorik ilunenean argi bila abiatzeko, eta aski indar eta grina dugu haien urratsetan jarraitzeko, Euskal Herri independientea amestuz eta horren alde borrokatuz.
Jarrai dezagun horretan, Euskal Herri independiente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte.