Han eta hemen

Jakin

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2020ko aza. 8a, 08:58

Txetxu Urbietak 2020ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ardura eta lotsa. Nor naiz ni zure arreta eskatzeko. Tristura goibeltzen duen sasoian, hitzen erabilera egokiak inoiz baino garrantzia handiagoa du. Are gehiago, isiltasuna hobetzeko gai ez bazara, ahoa ixtea hobe dela pentsatu badut. Edo orri zuria apaintzeko gai ez bazara, ordenagailua itzaltzea hobe dela pentsatu ezkero. Neurrian, baina pentsatzea premiazkoa delakoan nago, eta pentsatzen hasita, gauzak zergatik eta zertarako egiten ditugun ez garela ohartzen, ia beti, gauzak egiteagatik egiten ditugula.

Pentsatzen hasita, zertarako ikasi. Erantzunak hiru zutabe ditu. Nik ikasi, lehendabizi, bikain ateratzeko; ondoren, azterketak gainditzeko; eta, orain, jakiteko. Gaur egun, aurreneko bi urratsak gailentzen direlakoan nago. Ikastea fast fooda bihurtu da. Erabili eta bota. Jakiteko ikastea birziklatzearen pareko litzateke. Ikasteak ateak irekiko dizkizu; jakiteak aske egingo zaitu (Txetxu ez ahaztu, lotsa eta ardura).

Irakaskuntzarako bokazioa dutenentzat nire miresmen osoa. Ogibide soiltzat dutenentzat, nire errespetua. Biok ala biok ere, urratu berri duzuen ikasturtean erronka neketsu bezain korapilatsua duzue. Irakasle zein hezkuntza alorreko lagun guztioi zorterik onena opa dizuet. Gurasooi, pentsatu, eta izan errespetua eta enpatia. Enpatea ez da txarra. Eta haur zein gazteoi, izan haur eta gazte, eta ahal baduzue, aske izateko ikasi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide