Bikoitia, biz betea. Aitortzen dut urte bikoitiak gustuko ditudala. Ni neu ere urte bikoitian sortua naiz. Aitortzen dut, baita ere, urteen zama nabaritzen dudala. Jaio nintzen urte bikoititik biz beteriko urte honetara, bikoitiak eta bakoitiak, urte dezente pasatu dira. Azkar pasatu ere. Deabruarekin izenpetu nuen itunak, ordea, oraindik ere erdi lanetara ez naizela iritsi dio. Luzaro bizi nahi; iraun ez, bizi. Irautea gero eta merkeago dago; ondo bizitzea, inoiz baino garestiago. Nahi izatea ahal izatea dela sinetsarazi diguten aroan, neurriz kanpo nahi izatea geure galbidea bihurtzen ari delakoan nago. Jakituriak, informazioak, gizakia askeago egiten duela ere esaten dute. Ez dakit ba. Inoiz baino informazio gehiago dugu, eta inoiz baino tontoagoak garela iruditzen zait. Ezjakinek, tontoek, mundua hondatzea ez da harritzekoa. Harrigarria dena, gizaki lixtook, mundua daukagun bezala edukitzea. Nahi izateak borrokalari egin gaitzala; jakituriak aberastu gaitzala. Egin amets, askatu burua, bizi bizitza.
P.D.: Urteko aurreneko sermoia izan da. Uztarriako pulpitotik egina. Jakituria urriko petrikilo emozionalak botata. Nahiko nuke nire nahia ulertu izana. Ahal duzu. Urte berri on. Merezi duzu.