Han eta hemen

Sua

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2022ko abu. 3a, 08:01

(Pixabay)

Txetxu Urbietak 2022ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Erdia bustia eta beste erdia lehorra. Nire adinekoon gorputza horrela osatuta omen dago. Lehorron gorputza ere bai. Onartzen dut, bai, egunero litro eta erdi ur edan arren, lehorra naizela. Agian horregatik izango da, ura edateagatik. Lehorra eta xelebrea. Xelebrea? Hori diote. Zergatik? Alkoholik ez dudalako edaten. Bazkari edo afari bat dudan bakoitzeko, azalpenak eman behar. Eta xelebre etiketa niretzat. Bien bitartean, ni harrituta jendeak, batere egarririk gabe, zenbat edaten duen ikusita. Klin-klink eta barrura. Beste bat. On egin.

Ni neu ere kofradia horretako kide izana naiz. Ez naiz ezkutatuko. Ni ere Gau Txori kumea izana naiz. Patxik Fideoko ateak itxi eta Pastorkua aurrerako bidea pausokera xelebrean makina bat aldiz egindakoa. Eta egindakoaz inolako damurik ez. Gorputzak gasolina eskatzen zuenez, eman egin behar. Sua, ordea, itzali zen. Jendetzak ez ditut gustuko, hiruzpalauko mahaiak ditut atsegin. Mendiko txoritxoen txio-txioa eta itsasoko olatu txikien plisti-plasta. Ñoño jartzen ari haiz, Urbieta.

Baina aitortu behar dut barrua sutan daukatenek, tarteka, inbidia pittin bat ere ematen didatela. Oso urrun ez dauden irudi eta oroitzapen ederrak datozkit burura. Gazte gineneko irudiak. Sua piztuta duzuenok, festarik festa, errespetuz, erre bazterrak. Besteok, txio-txioa entzunez pasieran edo olatuei begira egongo gara. Goza zure poza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide