Adin fisikoa eta adin mentala. Urbietak, noski, nola ez, badu teoria. Adin fisikoaren mugarria 50 da. Hortik gora, agurea. Mugarrira iritsi arte, gaztea. Eta adin tarte bakoitzean maila ezberdinak daude. Horrela, ni neu, 54 urte ederrekin agure nerabea naiz. 48 urte mukizu dituena gazte attondua da. Sintomak ere badaude. Agure-nerabezaroan sartzean, akabo zortzi orduko zure loak. Gauetan komunetik joan-etorria egitea ezinbesteko bihurtzen da. Gazte attondua, berriz, sakelako telefonoko letra tamaina handitzen hasten da edo betaurrekoak lagun egiten ditu. Adin mentalarentzat ere, nola ez, badut nire teoria. Buruz bat-batean zahartzen zara zure garaikoa datorrena baino hobea dela pentsatzen hasten zaren une berean. Konfort eremuz kanpo aritzeak sortzen duen ikara da sintoma argiena. Interneten sartu eta agiri digital bat eskatu behar izate hutsak izerdi hotza sorrarazten dizun une hori; udaletxera joan, ilara luzean zain egon, paper bat falta zaizula jabetu, berriz itzuli eta hilabeteren buruan lortu duzun agiri hori nahiago duzunean, zure etxeko gazteak bost minututan lortzen duen agiriaren parean. Bizitza erraztea bizitza nahastea bihurtzen den une hori. Lasai. Denok pasatu beharreko unea da. Ez larritu, ez indarrik galdu korrontearen aurka igerian. Eman F5ari eta gaurkotu, berritu. Izan gazte. Eta ezin bada, izan agure goxoa, ez izan agure petrala. Izan zoriontsu, egin sorioneku.