Han eta hemen

Bidea

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2023ko uzt. 10a, 08:00

Ansorregi izan zen Lleidaren aurka taldeko onena. (Mikel 'Otola')

2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Plastikozko Risi ala larruzko Mikasa. Baloia, futboleko baloia zen txikitan nire lagunik onena. Laranja koloreko baloi handiagoak ez ninduen erakartzen. Ikusteko bai, jokatzeko ez. Hanketako talentu apurra agortu zenetik, baloi txikia begietatik sartu zait bihotzeraino. Txuri eta urdin. Kamiseta zuria, praka urdinak. Aupa Lagun. Pasioa. Garmendipe zen nire santutegia.

Pasioa energiaren parekoa da. Ez da sortzen, ez da desegiten, eraldatu egiten da. Nire pasioa ere eraldatu egin da. Atxuiak piztu zuen su gartsua, su txiki gozo bihurtu den bitartean, baloi laranjaduna sartu da nire kaskezurrean. Oharkabean, bazter denetan otsoak ikusten ditut. Baloi laranjadunak nire biziorik handiena gauzatzea erraztu dit: kirolarien ondoan kirola bizitzea. Kirolaren miseriak eta pozak sentitzea. Oso epe laburrean denetarik dastatzea egokitu zait. Tituluak, igoerak eta garaipenak jaitsierekin eta porrotekin tartekatu dira. Kirola. Irabazi eta galdu. Azken bi urteak gogorrak izaten ari dira. Urrearen borrokan, porrotaren beldur. Irabazi ala galdu, urre ala zilar, bidea da garrantzitsuena. Estalkia dena delakoa dela, bi uztai, baloi bat eta bost kankailu beste bosten aurka. Harmailak bete dira, giroa sortu da, eta otsokumeak, harro, otso nagusien bueltan. Hori da arrakasta. Hori da bidea. Neil lagunak esan zuen bezala, taldearen historian urrats txiki bat, aurrera ala atzera, klubaren ibilbidean jauzi handi bat. Hori bai, hankak beti lurrean, ez ilargian.

Postdata: Lleidan jokatu aurretik idatzita dago. Galdu ala irabazi, berdin balio du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide