Santu azpizapoa gurtu ondoren (orain ere zapo eta traidore hitzak elkarrekin), zaharrak berri. Berririk ez izatea hobe, berria bada gehienetan txarra delako: "zer moduz", eta erantzuna: "txarra kenduta ondo"; "aparkatzea ezinezkoa da"; "bertakoon bizi baldintza asko okertzen dira udan"... Mende erdi Lur planetan, eta ohituren animalia, gizakia alegia, beti-betiko kontuekin eta esapideekin. Ohituraz jositako animaliak ala aitzakiaz eraikitako animaliak, zer ote gara? Kontua etengabe kexatzea da, arazoa besteek konpondu diezadaten.
Interes ezkutuko espekulatzaile gaiztoak albo batera utzita, logikoa deritzot gauza ona guztioi gustatzen zaigula pentsatzea. Udan, batez ere udan, hondartza, kosta, terraza, helatua... denok, edo ia denok, ditugu desio. Eta, irakurle lagun, denok gustuko dugun lekuan aldapa, malda, gero eta pikoagoa. Eta horregatik udako kexa errepikakorrak gero eta ulergaitzagoak egiten zaizkit. Errespetua eskatu behar, baina ezinezkorik ez. Bakea nahi duenak, aparkatzeko arazorik nahi ez duenak, jakin badaki edo jakin behar luke: urrundu kostatik. Abuztuko edozein arratsaldetan xapoon herria zure zain daukazu. Oso-osorik dena zuretzat. Santu azpizapoak ere eskertuko du zure bisita.