Mundu honetan mundu asko daude eta bakoitza bere munduan bizi da. Zu zure burutazioekin, ni nireekin eta norbera norberarenekin. Nire burutazioetako bat, beste era batera esanda, nire harrikadetako bat, golarena, gailurrarena edo tituluarena da. Tontorra ala bidea, gola ala jokoa, titulua ala formazioa. Ikasi, baina zertarako ikasi. Zer lehenetsi. Ikasi jakiteko ala ikasi agiria izateko.
Oteiza, Julio eta Aiertza fraideen garaian ikasitakoak dio "emaiguzu gaur egun honetako ogia". Eta gizarterik ateoenak zintzo betetzen du aitari egiten zaion eskaria. Egunean egunekoa, biharrik izango ez bagenu bezala. Mamirik gabeko gizarte egiten gara, azal hutsa, labean patxadaz egin beharrean mikrouhinean di-da egindako gizartea. Gure seme-alaben curriculumak azkar demonio etiketaz josi eta bete nahi ditugu. Gola, saskiratzea, C1 edo First-a lehenbailehen, zenbat eta azkarrago hobe. Berdin da futbolean zein saskibaloian ez badaki, berdin da egunerokoan gaztelera erabiltzen badu ere, edo behar duen hizkuntza agiria lortuz gero, hizkuntza horretan tutik egiten ez badu ere. Titulua formazioaren aurretik, ikasi bai, baina jakin ez. Eta jakituriarik gabeko ikasketa gaur egungo ogia bezalakoa da. Berehala goma egiten da, berehala iraungitzen da.
Ondarruk dioen bezala, presak torero txarrentzat eta lapurrentzat dira. Haurrekin lasaitasuna eta pazientzia.