Han eta hemen

Jubilazioa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2024ko eka. 18a, 08:25

(Argazkia: Pixabay)

Txetxu Urbietak 2024ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Inguruak jan egiten zaitu. Ni behintzat bai, jan egiten nau. Eta betekada sentsazio hori ez dut gustuko. Eguna joan, eguna etorri, zoazen lekura zoazela, beste konturik ez izateak ozpindu egiten nau (beti ez naiz petralduko). Orain aspaldi ez, parkeko ume kontuekin kokoteraino amaitu nuen. Medikuntzako sei urteak eta MIR-a konbalidatzeko adina ikas zenezakeen arratsalde bakar batean. Dena zen Apiretal, dena zen Dalsy, dena zen dena jakitea.

Ehun urte irauten duen gaitzik ez omen, eta parkitisaren pandemia joan zen. Aurrera eginda, bidean garaian garaiko ohiko gaitz kronikoen erasoa nozitu behar izan dugu (eskola kirola, notak, Ebau...). Ekaitzaren erauntsirik gogorrena pasatu zelakoan, zer eta berriro ere pandemia itxura hartzen ari den gaitzak erdiz erdi harrapatu nau. Jubilazioa. Ditxosozko jubilazioa. Inguruko denak noiz jubilatuko kalkuluak egiten sumatzen ditut. Alperra naizela jakin badakizue. Alperraren paradisua lanik gabeko bizitza da. Teorian, jubilazioa ere lanik gabeko bizitza da. Jubilazio hitzak, ordea, egonezina sortzen dit. Pasabide lurtiarrean ez gaudela betirako onartzea kostatu egiten zait. Naizen bezalakoa izanda, jubilazioa San Pedrorekin eta Luziferrekin, biekin, lotzen dut. Eta bi horiengana ate joka joateko asmorik ez dut, beste 50 urtean ez behintzat. Beti gazte izan besterik ez eta zazpigarren egunean atseden hartu zuenak jubilazioa asmatzea ere...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide