Erabakia hartu dut. Beste bat. Betetzeko erraza ez den erabakia. Kostatu egingo zait. Badakit. Baina hartu beharrekoa. Bada okerrak zuzentzen hasteko garaia. Bada hitzak eta ekintzak uztartzeko ordua. Bada ahulenak babesten hasteko garaia. Eta baldin bada, da, eta denez, di-da botako dizuet hartu dudan erabakia. Gizaki talde bat babestu asmoz, ikusezin, kristalezko bihurtuko ditut. Egon arren, izan arren, egongo ez balira bezala jokatzea erabaki dut. Mingaina txulora, eskuak kieto, eskuak txalo egiteko bakarrik. Pentsatzen hasita, ulergaitza da partida batean erabaki oker gutxien hartzen duten lagunen hutsik txikiena, eta askotan erabaki zuzena, hain zorrotz epaitu beharra. Beraientzat huts egiteko askatasuna aldarrikatzera natorkizu Uztarriakide lagun (Azpeitiagukakide idaztea kostatu egingo zait). Egin zuk ere nire erabakiarekin bat. Ahaztu epaileez, utzi pakean arbitroak, gozatu kirolaz.
Eta lanean ere erabaki bera hartzearen aldeko naiz. Zuzen ala oker aritu, asmatu ala kale egin, denon osasunaren mesederako txistulariak ikusezin bihurtu beharko genituzke. Kirolak eskertuko du. Zure osasunak ere bai. Ahoa itxita, barregarri gelditzeko aukerak ere murriztuko zaizkigu. Eta ez ahaztu. Datu hotzek argi diote. Epaileak dira partida batean erabaki oker gutxien hartzen dituzten lagunak. Baina, epaileak egurtzen ez baditugu, nor egurtuko dugu? Inor egurtu gabe bizi ote liteke?