Gorriz beteriko hilabetea. Jaiak jaiari, festak festari, ospakizunak ospakizunari txanda eman ezinik. Agenda bete-betea. Jan eta edan. Edan eta jan. Oso ondo. Mundu alu honetan bi egun pasatu behar eta ez gara beti negarrez, haserre edo biraoka ibiliko. Gorputza kaltetuz bihotza eta arima indarberritzea beti da mesedegarri. Mediku onenek ere, hilean behin, parranda on bat aholkatzen dute.
Hori bai, parrandarik onenak ere ez du biharamuneko panorama aldatuko. Mundua triste dago, mundua goibel dago. Hondamendi klimatikoa, ultraeskuindarren gorakada edo Trump gaitza, etorkinekiko gorrotoa, gazteen etorkizun iluna... munduak pena ematen du. Eta mundutarrok pena ematen dugu. Irentsi eta burua makurtu. Urdaila erosotasunez beteta, gizaki gris otzan-otzanak bihurtu gaituzte. Geureari eustearekin nahiko lan badugu. Errua beti besteena da, errudunak beti besteak dira. Beraz, besteek okerra konpondu dezatela. Eta besteen esku bagaude jai dugu, gureak egin du.
Iraultzaile bat daramat barruan. Baina gen hori aurkitu ezinik nabil. Koldar bat naiz. Daukadana ez galtzearekin konforme dagoen horietakoa. Eta Txetxu, lagunok, Olentzerori ez eskatu mundua alaitzeko. Erregeei ere ez. Mundua mundutarrok alaitu eta aldatu beharko dugu. Bestela, gorriz beteriko hilabetean ere jai dugu. Eguberri on Gukakide guztioi.