Aho bete hortz, ezustean irribarrez gelditu nintzen gure udaletxe ederrari begira. Gatzik gabeko kabalkadari Baltasarrek jarri zion piperra udaletxeko balkoitik. Xapoen herrian inoiz ikusi gabea gertatu zen. Plaza osoa bete-bete eginda eta denak, haur eta heldu, gazte eta adindu, denak, barrez eta txaloka. Urrutiko lurretatik, urrerik gabe, mixeriari ihesika, gutartutako errege mozorrotuaren mezua gure bihotzetaraino iritsi zen. Komunikazioaren arrakasta.
Ez zuen beste munduko ezer esan. Ez zuen euskara jator eta jasoa erabili. Erregez mozorrotuta egon arren, agerikoa zen 'putak' pasatutakoa zela (alegia, gorriak eta bi ikusitakoa). Baina denok ulertu genion eta denok hunkitu gintuen. Bere naturaltasuna eta bere umorea barru-barruraino sartu zitzaizkigun. Zinez diotsuet, irribarrearekin nahasian enbidia latza pasatu nuela. Komunikatzea, iristea, helburu dugunontzat lezio latza. Naturaltasuna eta umorea mezu sinple bezain sakona hartzailearengana zuzen iristeko.
Bla-bla-bla aritzen diren sermoilariei entzun bai, baina sinistu gutxi egiten diegu. Babaren mezua bat-batean ulertu eta sinistu genuen. Ximurraren xarma.