Han eta hemen

Inutilak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta

(Argazkia: PIxabay)

Txetxu Urbietak apirileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Donald laguna ze gorputzaldirekin esnatu ote da gaur. Mundu osoa gaizki hezitako aberats mokolo honen azken burutapenaren menpe. Kristo ondorengo 2025. urtean mundu gerra baten aukeraz hitz egiten egotea sinestezina da. Gizakia izan, ordea, behin eta berriro, harri berean tupust egiten duen animalia bakarra.

Trumpi, Muski, Putini, Meloniri, Orbani edo Abascali errua botatzea errazena da. Baina errua, benetako errua, gurea da. Anestesiatuta iparra galdu dugun langileon errua da. Materialismoak duintasuna jan digu. Gizarte heldu eta hezi batek inoiz ez lieke horrelako mozoloei indarra hartzen utziko. Iparra galdu dugu.

Intsumisoen belaunaldiko semea naiz. Objetoreen garaikoa. Haiek bai printzipioak izan. Ez guk. Ni inutil izendatu ninduten. Ondo izendatu ere. Inutil hutsak gara. Gurekin nahi dutena egiten dute, eta gu garrantzirik ez duten kontuetaz arduratuta. Lo egiteko orfidal hartu eta hartu. Esna gaitezen, espabila gaitezen.

Guzti hau idatzi ondoren, norbaitek ba ote daki nor izan zen soldaduska egin zuen azken azpeitiarra? Gazteok, galdetu aitonei zer zen hori. Ni neu, inutil izateaz gain, urteei esker, erreserban nengoke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide