Nereak, ohi bezala, zintzo bidali dit posta elektronikoz agindua. Uztaila da eta zuk, irakurle lagun, irailean hizki josketa eder honetaz goza dezazun, jostun lanak egin beharra daukat. Iraila da bai eta zu, irakurle lagun, agian, opor osteko beherakada emozional famatu horretan zaude. Berriro ere lanera itzuli behar, berriro ohikotasun grisean dantzatu behar. Nik neuk, Urbietak, grisa izan, ohikotasuna dut maite. Oreka dut gustuko. Ertzetan, muturretan, ez naiz batere eroso moldatzen.
Beherakada emozionala, depresioa, dena beltz, dena ilun ikuste hori, indarrean dagoen gaitza da gure gizarte ahulean. Indarrean eta ugaritzen. Gauean begiak lasai ixteko eta goizean begiak kementsu irekitzeko, urdin kolorekoak ez diren pilulak hartu beharrean daudenak gero eta gehiago direla diote datuek. Bizitzaren eskaparatean besteentzat bizi beharraren, norbait izan beharraren zama astuna. Iraila da, uda badoa eta udazkena badator. Bizitza aurrera doa. Azkar. Hau laburra da, oso laburra. Izan zu, izan zu zeu eta goza bizitza eder honetaz. Bizi bizitzeko. Bizi xapo.
P.D.: Kontu serioak ez dira inoiz txantxetan hartu behar. Txantxekin, ordea, kontu serio asko konpontzen da. Urbietak esana.