Han eta hemen

Proletarioa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2026ko urtarrilaren 1a

(Argazkia: Pixabay)

Txetxu Urbietak azaroko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hezur haragizko bidaia lurtiarrean, gizakiok hiru fase nagusi bizi behar izaten ditugu: zelaikoa, aulkikoa eta harmailetakoa. Gero, ondoren, zeruko palkokoa dator. Zelaiko fasean bizitzaren protagonista sentitzen zara; aulkikoan aholkuak eman eta zelaikoak ondo kokatzen ahalegintzen zara; azkenik, adinak harmailetara bidaltzen zaituenean, Anoetan bezala, zelaikoak animatzen dituzu pipak janez edo bizkarra eman eta saltoka.

Justaren semea, ni neu edo neroni, aulkitik pipak jatera pasatzear nago. Beraz, ile apurra zurituta, bizitzaren gakoak ulertzen dituela uste duenaren rolean nago. Baina agintzen dizuet, zahartrosiak jota, gure garaiak hobeak izan zirela ez dudala inoiz esango. Bakoitzak berea, bere erara, bere baldintzekin eta bere baliabideekin. Uste bat eta egia bat, bai, ordea. Justaren semearenak. Ustea da zelaikoak, gazteak, bizitza bizitzeko dela uste duela, eta aulkikoak, helduak, irautera mugatzen direla; aulkikoek uste dute bizitzeko ala irauteko, dena ez dela oro eta bizitzeko uko egiten ikasi behar dela. Aldiz, egia da, besteengandik jasotako txanponen menpe bizi garen bitartean gure bizitza beti izango dela mugatua edo baldintzatua. Bizi ala iraun. Proletarioa beti proletario.

PD: Bi. Bat: borondatea balego, erraza litzateke etxebizitzen arazoa konpontzea. 18 urtez gorakoek, gehienez, bi etxe izateko aukera eta enpresek etxeak izateko erabateko debekua. Eta bi: Ministrok zioen bezala, zeinen gogorra den maite duzuna betirako agurtzea. Betira arte, Xabi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide