Begiak itxita, tentemusu bizi den emakumeak hitz egin du kirola eskolen monopolioa ez dela esateko. Alegia, kirolean kirol elkarteek ere, txiki-txikitatik, badutela zer esan eta zer egin. Ohikoa denez, batzuk epaiarekin haserre, beste batzuk pozik. Ni neu, ez haserre, ez pozik. Logika nagusitu da. Goizeko zortziretatik arratsaldeko bostak arte eskolan eskolakoak. Hor izan beza kirolak egun ez duen garrantzia. Gelen goxotasunean irakatsi dezatela, agintzen dutenen neurri egokiei esker, hezkuntza ez dela lehiaketa. Bosta ateratzen dutenak saltoka dauden bitartean, 8,5 ateratzen dutenak ez daitezela negar malkotan etxera joan.
Kirola kirol munduko jendeak kudeatu behar du. Haurrak dakitenen esku utzi behar ditugu. Egin dezatela kirola, goza dezatela kirolaz. Bota dezatela izerdia, egin ditzatela lagun berriak. Eta ahal bada, ez daitezela 18 urterako egiten duten kirolaz aspertu. Eta aspertzen badira, beste kirol aukera batzuk izan ditzatela.
Arrakala ekonomikoa aipatzen dutenei, kirola egitea garestiago izango dela diotenei: Iraurgiko urte osoko kuotak ingeleseko bi hilabetek adinako kostua du. Batak kezkatzen ez bagaitu, besteak zergatik bai?
Kirola kirolak kudea dezala. Baina azken hitza, behar den bezala, agintariek izango dute. Kirol elkarteak, neurri handi batean, diru publikotik bizi dira. Diru laguntzak ez daitezela banatu klubek ematen duten lataren arabera. Diru laguntzak, baldintza zorrotzak betetzearen truke. Kirola hezteko, lehiatzeko eta gozatzeko.
P.D.: Barruak hustu behar ditut. Gipuzkoako kirolaren aberastasuna ez da kirol eskolari esker gertatu. Kirol eskolarik ez zegoenean, Gipuzkoan orain baino eliteko talde gehiago zegoen. Urte berri on, denoi.