Han eta hemen

Faktura

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2026ko apirilaren 5a

(Argazkia: Wikipedia)

Txetxu Urbietak martxoko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Potro jauzia egitea ez nuen lortu baina Feroz saria irabazi dut. Soinketako irakasleari faktura pasatu dionak esandakoaren berri izango duzue. Egia esan, potro jauzia egitea ez da ezinbestekoa bizitzan norbait jantzia izateko. Esango nuke ezinbesteko ez den kontu asko irakasten dela. Esate baterako,  lenguan esaldia trantsitiboa edo intrantsitiboa den jakitea; matematiketan integralen berri izatea; kimikan taula periodikoa;  edo, euskaran, Aita Larramendiren obra osoa ezagutzea.

Hezkuntzan, ezinbestekoa zer den zehaztea oso zaila da, ia ezinezkoa. Denetik dena jakin beharrik ez dago. Ezer gutxi esatea komeni ez den bezala. Denetik pittin bat edo zerbaitetik asko-asko? Batzutan, denetik pittin bat jakitea komenigarria izango da; besteetan, gauza batetik asko-asko jakitea ezinbestekoa izan liteke. Hezkuntza publikoa inoiz baino argalago dagoen sasoian hezkuntza publiko pertsonalizatua eskatzea, agian, gehitxo izango da. Baina, ezer ez da ezinbesteko eta ezer ez da mespretxatzeko.

Nire fakturatxoa ere badut urteetan gordeta. Unibertsitateko lan baten aurkezpenean, irakasle batek 66ko Fragaren Prentsa Legea aipatu gabe nolako kazetaria izan nahi nuen galdetu zidan. Kiroletako kazerari ona izateko Fragaren legea ez zela ezinbestekoa erantzun nion. "Kiroletako kazetari?", erantzun zidan mespretxu aurpegiarekin, bigarren mailakoak bagina bezala. Ba, gaur hemendik esaten diot lan hartan Fragaren legea aipatu gabe kazetari sentitzen naizela. Eta harrotasun osoz, kiroletako kazetari. Dena jakin beharrik ez dago, jakin-mina izatea hobe.

PD: Ez dut Feroz saririk irabazi. Baina Iparragirre saria bi bider bai (Kepa, biok irabazi genuena non dago?).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide