Han eta hemen

Etapak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2026ko abuztuaren 6a

(Argazkia: Steve Bidmead / Pixabay)

Txetxu Urbietak uztaileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Parkean udalekuetaz ari direla sumatu dut; plazako terrazetan gazteak usapeko azterketetan matematikak oso zailak izan direla entzun dut; Erdikalean behera, nire adineko hiru lagun errelebo kontratuen baldintzetaz hizketan ari dira; eta parrokia paretik igaro naizenean, adineko bi emakume 90 urterekin gazterik joan zaigun amonaz ari dira. Bostehun metroko tartean adin tarte adina mundu, bakoitza bere munduan. Mundu pila, gizaki orok banaka-banaka igaro beharreko bizi tourreko etapak.

Gukako lagunentzat ere iritsi da denboraldiko azken zenbakia osatzeko unea. Zenbakiz zenbaki, etapaz etapa, hauek ere iritsi dira opor aurreko azken estaziora. Ilusioz hasi zen erronka sendotu da, egitasmo erakargarria zena herritarren helduleku sendoenetako bihurtu da. Zer litzateke xapoen herria uztarririk gabe? Gizakiok dugun tempo finito, ordea, Gukak ez du, herria herri den arte hor egon bedi.

Etapak etapa, opor usaina kirats bilakatu da. Denok usaintzen ditugu oporrak. Batzuk han, besteak hemen. Gauden tokian gaudela, goza dezagun unean, dasta dezagun minutu oro. Etapak asko dira baina etapak oso azkar doaz, gero eta azkarrago. Betirako oporrak hartu aurretik, hauts bihurtu aurretik, opor on, lagun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide