Jaten duguna omen gara. Horregatik. Gure baratzeetako, ukuiluetako eta itsasoko jakien ordez plastikoz inguratuta datozen jakiak erosten hasi garenean areagotu egin dira gizentasun arazoak. Ez da erraza, tripa zorriak uxatzeko bi aukera daude: gorputzak loditu ala poltsikoak armiarma sarez josi.
Jaten duguna omen gara. Benetako informazio gardenak aske egiten gaituen bitartean, gutxi batzuk nahi dutena lortzeko zabaltzen duten kakaren erruz, gizarte gaiztoa, zekena, berekoia eta beldurtia bihurtzen ari gara. Mundua beldurrik gabeko mundutarrontzat, denontzat.
Jaten duguna omen gara. PISA txostenak sekulako zapaldua eman dio gure hezkuntza sistemari. Nire irakurketa librea eginez, oraingoz haurrak lehengoak baino tontoagoak omen dira. Arazoa: pantailak. Tontoena da kontrolatzen ez duzunaz aritzea. Ba... tonto irteera egingo dut. Gaur egungo haurrak, nerabeak eta gazteak inoizko haurrik, gazterik eta neraberik azkarrenak dira. Pezetatik kripto txanponetara pasatu garen moduan, hezkuntzan arkatzetik pantailetara egokitzeko unea da. Gizakiak inoiz izan duen eboluzio azkarrenean eta bortitzenean iparra aurkitzea zaila da. Galduta gabiltza denok. Baina irudien aroan hizkien aldarrikapena egitea atzera egitea delakoan nago. Irudiak eta gizatasuna: etorkizuna.