Ostiral Santuko prozesioa

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko mar. 3a, 09:00

Ostiral Santuko prozesioa, 1973an. (Pepe Gil)

2007an egin zuten Aste Santuko ospakizunen barruan parrokiatik abiatutako azken prozesioa. 2008an deialdia egin zuen Parrokiak, baina ez zuten lortu irteera antolatzeko nahikoa jende inguratzerik.

Hasi berri den hil honen bukaeran izango da aurten Aste Santua. Martxoaren 24an ospatuko du Elizak Erramu Igandea, eta hilaren 31n Pazko Igandea. Egun horietan aurten ere ez da elizkizunik eta ospakizunik faltako Azpeitiko eta inguruetako elizetan, baina aspaldiko urteetan bezala, prozesiorik gabe ospatuko dituzte Jesusen nekaldia, heriotza eta berpiztea.

Duela hamazazpi urte, 2007an, irten zen azkenekoz Ostiral Santuko prozesioa Soreasuko Sebastian Donearen parrokiatik. Hurrengo urtean, 2008ko otsailean, deialdia egin zuen Parrokiak, aipatutako prozesioa egin ahal izateko jendearen parte hartzea eskatuz; prozesioan pausoak eramateko ez ezik, pauso horiek prestatzeko eta antolaketarako ere jendea behar zuten. Baina 2008an ez zuten prozesiorik egin Ostiral Santuz parrokian, eta harrezkero ere ez.

1973ko Pepe Gilen argazki honetan urte hartako Ostiral Santuko prozesioaren une bat ikus daiteke, desfilea Artzubitik gora zihoala hartutakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide