Euskal Herriko hainbat herritatik etorriko diren erraldoi konpartsen topaleku bihurtuko da aurten ere Azpeitia hil honetan. Herriko lau erraldoiek egingo diete harrera gainerakoei: emakume zuri-ile horia, emakume beltza, gizon arabiarra eta gizon txinatarra.
Azpeitiko egungo erraldoiek badituzte urte batzuk, baina egungoen aurretik izan ziren beste batzuk herrian. Maria Guadalupe Errastiren bildumako argazki zahar honetan ikus daiteke hori: XX. mende hasierako irudian, gaur egungoak ez diren baina gaurkoek bezala lau arraza irudikatzen dituzten erraldoiak ageri dira, baita On Kixote irudikatzen duen buruhandia ere. Done Jakue kalean ateratako argazkian, haurrez inguratuta, egun hartan erraldoien eta buruhandien konpartsarekin batera atera ziren dultzainariak eta danbor jotzaileak ere ageri dira: Sebastian Errasti Xaxurra, Inazio Goenaga Arbe eta Javier Goenaga Arbe.