Joan den maiatzaren 14an bete ziren 44 urte Euskal Herriko espedizio batek munduko mendi altuenaren gailurra zapaldu zuenetik. Martin Zabaleta hernaniarra izan zen, Pasang Temba xerparekin batera, Everesten tontorrera iritsi zen lehen euskal mendizalea, eta Joxe Urbieta Takolo azpeitiarra izan zen espedizio hartako kideetako bat.
Mendizaleen lorpen hark izugarrizko oihartzuna izan zuen Euskal Herriko gizartean, eta herriz herri ibili ziren Everesterako espedizio haren kideak, batean eta bestean omenaldiak jasoz. Omenaldi horietako bat Azpeitian jaso zuten; Soreasu antzoki zaharrean egin zieten aitortza ekitaldia Zabaletari, Takolori eta besteei. Mendizale azpeitiarrak honela kontatu zion egun haren oroitzapena Enekoitz Esnaolari, Uztarriak argitaratutako Joxe Takolo biografia libururako: "La ostra izan zen egun hura! Jendea Soreasun!... Lagunek Everesteko taila bat oparitu zidaten, Everest eta Lhotse intxaur-egurrean tailatuta azaltzen zirela, bidea markatuta. Ikusgarria! Dotorea!".
44 urte eta gero, Temba Euskal Herrian da egunotan, Azpeitian ari da egonaldia egiten, eta Martin Zabaletarekin ere elkartu da, besteak beste, San Mamesen omenaldia jasotzeko.