Gaur Elegante Eguna da, eta beraz, 2025eko karnabaletan zezena sokatik kalera aterako duten lehen eguna. Sokamuturrak mozorroen festen ordu asko betetzen ditu igande eguerditik astearte iluntzera bitartean Azpeitian, eta hitzordu guztietan, ez dira gutxi izaten argazki kamerak eskuetan hartuta zezenaren bueltan ibiltzen direnak.
Izan ere, karnabaletako osagai da aspalditik Sokamuturra argazki lehiaketa. Hain zuzen ere, duela 45 urte, 1980an, jarri zuen martxan lehiaketa Imanol Elias zenak, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren babesarekin; erakunde horrena zen Antxieta Etxeko kultur eskaintza gidatzen zuen Eliasek urte haietan.
Gaur egun, Elias beraren oroimenez jarraitzen du Sokamuturra lehiaketa egiten Azpeitiko Argazki Elkarteak. Urteko erakusketa ikusienetakoa izan ohi da lehiaketara aurkeztutako argazkiekin osatzen dutena.
Pepe Gilen argazkian, Imanol Elias (eskuinean) Juan Joxe Agirreri (ezkerrean) saria ematen ageri da, Antxieta Etxean, 1981eko lehiaketaren sari banaketa ekitaldian.