Duela oso urte gutxira arte, asto lasterketa izaten zen Loiolako San Jose jaietako hitzordu nagusienetakoa, nagusiena ez zenean.
Urte luzez eutsi zioten Loiolan ohitura horri, baina garai batean beste festa eta jaiegun askotan egiten zituzten asto karrerak, baita Azpeitian bertan ere. Horren erakusle izan daiteke Nicolas Oteiza Kaito-ren argazki hau. Datarik ez du, aina Soreasu eta Magdalena inguruetan ateratakoa da. Mutil koskor ugariren artean hamar asto ageri dira bertan, bakoitza bere izenaren jabe, gainera: Ankaluse, Usaigoso, Ostikolari, Bertsolari, Langile, Goseti, Naskagarri, Gesurti, Erdisoro eta Ardosale. Z arrastorik ez, lauhankakoen izendegian.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.