Aurten ere zezenketak egingo dituzte Azpeitiko zezen plazan San Inazio jaietan. 122 urte beteko ditu aurten Artzubi kaleko zezen plazak –1903an inauguratu zuten–, eta urte horietako gehienetan egin izan dira zezenketak han saninazioetan.
Baina zezen plaza eraiki baino lehen ere egiten zituzten zezenketak Azpeitian uztail-abuztuko jai nagusietan; herriko plazan egiten zituzten, hain zuzen, horretarako espreski altxatzen zuten egurrezko egituraren barruan. Plazan jartzen zuten behin-behineko zezen plaza haren lekuko da hil honetako Zaharrak berri ataleko argazkia. 1885eko uztailaren 31ko irudia da, Imanol Eliasek bere artxiboan gordetakoetakoa da, eta egun hartako zezenketaren une bat jasotzen du.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.