Chucho Larrañaga puntistari agurra Izarraitzen

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025ko abu. 3a, 09:00

Chucho Larrañaga, Nicolas Zubeldia eta hainbat puntista, Larrañagaren agurreko jaialdian, Izarraitzen. (Pepe Gil)

30 urte pasa eta gero, zesta punta jaialdia hartu zuen herenegun Izarraitz frontoiak. Erremintako jokoetarako espreski eraikia, inauguratu berritan ohikoagoak ziren zesta, pala nahiz erremonte ikuskizunak Azpeitiko frontoi luzean.

Herenegun, San Inazio bigarreneko festa egitarauaren barruan, aspaldiko partez zesta punta jaialdi bat ikusteko aukera izan zen Izarraitz pilotalekuan.

Jaialdi horren aurkezpenean aipatu zutenez, 1990eko hamarkada hasieran jokatu ziren azken zesta punta jaialdiak Azpeitian. Hala ere, Izarraitz frontoiaren lehen urteetan izan zuten indar handiena erreminta jokamoldeek herrian. Horren erakusle da, besteren artean, Pepe Gilen argazki bilduma. 1973. urtean ireki zituen ateak Izarraitzek. Nicolas Zubeldiak eraiki zuen pilotalekua, frontoi luzea, hain zuzen, pilotan erremintekin jokatzeko pentsatuta. Horrela, erremonte, pala zein zesta punta jaialdiak ohiko bihurtu ziren Izarraitz inauguratu ondorengo urteetan.

Hil honetako Zaharrak berri ataleko argazkia 1974koa da, Jesus Chucho Larrañaga Etxebarriko (Bizkaia) puntista famatuak frontoiak utzi ondoren Azpeitian eskaini zioten agurreko jaialdian ateratakoa. Larrañaga bera –eskuetan oroigarria duela– eta Zubeldia ageri dira irudiaren erdian, egun hartan Izarraitzen izan ziren gainerako puntistek inguratuta.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide