Azpeitiko plazak duela 101 zer itxura zuen jakiteko balio dute Zaharrak berri ataleko 2026ko lehen argazkiek. Pascual Marin argazkilariarenak dira eta Kutxa fundazioaren Fototekan gordeta daude. "Txirrindularitza. Txirrindularitza lasterketa Azpeitiko herria zeharkatzen", irakur daiteke argazki bildumaren informazioan; argazkia 1925ekoa dela ere bai, baina eguna edota hilabetea zehaztu gabe.
Goiko argazkian, gaur egungo txirrindularien itxurarekin zerikusirik ez duen mutil eta gizon multzo bat ikus daiteke bizikletetan Azpeitiko plazara iristen, Plaza Txiki aldetik. Behekoan, berriz, txirrindulariak plazatik Goiko Kale aldera irteten ageri dira.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.
Txirrindulariak plazatik irteten. (Pascual Marin / Kutxa Fundazioa Fototeka)