1926ko otsailaren 22a egun seinalatua izan zen Urola bailaran. Egun horretan inauguratu zuten Urolako Trena, Zumarraga eta Zumaia lotu zituen trenbide elektrikoa. Alfonso XIII.a Espainiako erregea izan zen lehen bidaiaren gonbidatu nagusia, eta ikusmin handia piztu zuten, bai tren berriak, bai erregeak.
Ikusmin bikoitz horren erakusgarri da hil honetako Zaharrak berri ataleko argazkia. Jendetza ikusten da irudian, Azpeitiko geltoki estreinatu berrian, Zumarragatik irten eta Zumaian azken geldialdia egin bitartean herriz herri ibili ziren trenaren eta segizioaren zain elkartuta. Lehen lerroan, herriko agintariak-eta , bi pankarta handi atzean dituztela; pankartetan idatzitakoa ezin da guztiz irakurri, baina bai argazkian urrutira, Damaso Azcue lantegiaren gainaldean, ikusten denak dioena: Viva el rey - Viva la Diputación.
Kutxa fundazioaren Kutxateka argazki gordailuan egun hartako argazkien ondoan idatzitako azalpenek diote handik urte eta erdi ingurura estatu kolpea eman zuen Miguel Primo de Rivera jenerala ere izan zela Urolaren lehen bidaia hartan, erregearen alboan, diputazioko zein tokiko erakundeetako hainbat ordezkarirekin batera. Azpeitian "etxe guztiak apainduta" zeudela ere irakur daiteke garaiko kronikan, eta erregeak eta haren segizioak geltokiko argindar zentrala bisitatu zutela ere bai, trenbideko lanen buru aritu zen Alonso Zabala ingeniariak lagunduta.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.