Azkena Arrupe hotelaren egoitza izandako eraikinaren eta Gogartetxerako bidearen tartean dagoen aparkalekua egiteko, duela hogei urte bota zuten Loiolatxo izenez ezaguna zen eraikina.
Mende erdi pasa iraun zuen zutik, 2006ko urtarrilean bota zuten arte, eta denbora horretan Loiolaren eta Azpeitiaren bilakaeraren lekuko izan zen: Loiolako eskola, Azpeitiko Ikastola eta izen bereko elkartea hartu zituen, besteak beste. Hain zuzen ere, Loiolako santutegiaren ingurua berrurbanizatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalak eta Jesusen Lagundiak adostutako proiektuaren barruan bota zuten Loiolatxo eraikina, eta horren trukean eraiki zuten Loiolatxo elkarte berria, tren estazio zaharraren ondoko txabolan.
San Jose jaietako ekitaldien erdigunea ere izan zen Loiolatxo urte luzez. Atarian jartzen zuten karpa handian egiten zituzten festetako ekintza gehienak, baita Egan taldearekin antolatzen zituzten berbena arrakastatsuak ere, sarrera eta guzti.
Loiolatxo botatzerako galdu ziren sanjosetako berbenak, baina ez hala Loiolako festak. Aurten ere ospatuko dituzte, hutsik egin gabe, martxoaren 19aren bueltan.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.
Loiolatxo eraikina eraisten hasi ziren egunean ateratako argazkia, 2006ko urtarrilaren 16an. (Guka)