Hego Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren historian urte esanguratsua da 1931.a, apirileko Zaharrak berri atalak dakarkien argazkia egin zuten urtea.
Kutxa Fundazioaren Fototekako bildumatik hartutako duela 95 urteko irudian, Azpeitiko zezen plazaren harmailak jendez beteta suma daitezke atze aldean, eta hainbat gizon lehen lerroan; tartean ageri da Jose Antonio Agirre, trajea eta gorbata soinean dituzten bietako ezkerrekoa. 1936ko urrian, Espainiako Gerra piztu eta hiru hilabetera lehen Eusko Jaurlaritzaren lehendakari bihurtuko zena, politikagintzan buru-belarri zebilen bost urte lehenago ere, EAJren barruan. 1931ko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu bezperan egin zituzten udal hauteskundeen ondoren, Getxoko (Bizkaia) alkatetza eskuratu zuen Agirrek, 27 urterekin. Euskal Herriarentzako Autonomia Estatutua eskuratzeko kanpaina ere 1931n abiatu zuten. Alkateen mugimenduaren batzorde iraunkorrak gidatu zuen kanpaina hura, eta lau udaletako alkateak zeuden batzorde hartan: Azpeitikoa –Joxe Antonio Oiarzabal izan zen udal hauteskundeen ondorengo lehen alkatea–, Laudiokoa (Araba), Zangozakoa (Nafarroa) eta Getxokoa –Agirre bera, alegia–. Espainiako Gorteetan diputatu kargua ere urte berean hartu zuen Agirrek; Gorte Konstituziogileak eratzeko ekainaren 28ko hauteskundeetan hautatua izan ondoren.
Kutxatekan ez dator zehaztuta Agirreren ibilbide politikoan hain esanguratsua izan zen urte hartako zer unetan edo ekitalditan hartutakoa den Azpeitiko irudia.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.