Marrero eta Agirrezabalaga azpeitiarren Realak zerua ukitu zuen duela bi aste Sevillan, Espainiako Kopa irabazita, eta lorpen horrekin zerura eraman zituen milaka zale, tartean azpeitiar asko eta asko.
Urteak joan dira Realaren talde nagusiak Garmendipe azkenengoz zapaldu zuenetik, baina izan ditu Azpeitiko futbol zelaira nahiko sarri etorritako sasoiak ere talde txuri-urdinak, bereziki John Toshack aulkian zela; entrenatzeko edota denboraldiaurreko lagunartekoak jokatzeko, asko gustatzen zitzaion galestarrari Garmendipeko soropila.
Garaia haien aurretik zein ondoren, Realaren harrobiko taldeak ere igaro izan dira Garmendipetik, eta horietako bat da maiatzeko Zaharrak berri ataleko argazkikoa: 1978-1979 denboraldiko Sanse, Realaren bigarren taldea. Duela 47 urteko talde hartan zeuden gerora talde nagusira igo eta Realarekin garaipen handiak erdietsiko zituzten bi azpeitiar, Juan Antonio Larrañaga eta Tomas Orbegozo. X-ko @RSF_ClassicPics kontutik hartutako argazki honetan, beheko lerroan makurtuta ageri dira biak: erdikoa da Larrañaga –biboterik gabe–, eta eskubitik hasita aurrena, Orbegozo. Argazki berean daude, halaber, Realaren gizonen talde nagusiarekin gaurdaino partida gehien jokatu dituzten bi jokalariak: Bixio Gorriz (zutik, eskubitik bigarrena), 599rekin; eta Larrañaga bera, 589rekin.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.