Oñatzen, gizaproban markak jartzen

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko ekainaren 7a

Oñatzen 2005eko ekainaren 26an jokatutako giza proba. (Guka)

Oñatzko sanjoanetan urte bat baino gehiagoan jokatu izan dira giza probak. Azkena, 2005ean jokatu zuten, eta probalari ia denak Nuarbe sokatira taldekoak izan ziren. Paliza ederra hartu ostean, 2.220 kiloko harriarekin marka jarri zuten.

Oñatz auzoko sanjoanetan urte bat baino gehiagotan giza probak jokatu izan dituzte, 2005eko ekainaren 26an jokatu zutenekoan, 2.220 kiloko harriarekin marka ezarri zuten,  ordu erdian 22 plaza eginda. Proban parte hartu zuten gehienak Nuarbe sokatira taldeko kideak ziren. Bero handiko eguna izan zen, eta egin beharreko ahaleginaren eta beroaren ondorioz, bi gizonek proba utzi eta beste bik hartu behar izan zuten haien lekua.

Ia lau hamarkada lehenago, 1967an, Oñatzen bertan, hamar gizon harriari tiraka aritu ziren idiaren kontra. Orduan idiak irabazi zuen, plaza gehiago eginda. Baina, lehenago ere, 1950eko hamarkada bukatzear zegoela, gizon proban aritu ziren oñaztarrak. Orduan harriari tiraka, beste batzuekin batera, 1967ko proban itzain jardun zuten Arturo Odriozola eta Boni Unanue aritu ziren.

Oñatzen giza proba 1950eko hamarkadan.

Oñatzen giza proba 1967an.

1967an Oñatzen gizonek idiaren kontra jokatutako proban, idia izan zen irabazlea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide