Maria Kristina Espainiako erregina Loiolan, Elias Salaberria margolariak lagunduta

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko abuztuaren 2a

Maria Kristina Habsburgo-Lorrenakoa Loiolako Inazioren etxean, 1916an. (Ricardo Martin-Photo Carte / Kutxateka)

1916. urtean Maria Kristina Habsburgo-Lorrenakoa Loiolako santutegira etorri zen bisitan; besteak beste, San Ignazio Loiolakoa margolanaren egile Elias Salaberriarekin.

Pasatu berri diren saninazioetan jende ugari ibili da Loiolako santutegiaren barruan nahiz inguruetan, eta uda sasoian bisitari ugari ere elkartuko da toki horietan. Orain dela 110 urte, 1916an, Maria Kristina Habsburgo-Lorrenakoak, Alfontso XII.a Espainiako erregearen emazteak, Loiola bisitatu zuen, eta santutegiko dorretxean –Loiolako Inazioren jaiotetxean– izan zen, goiko argazkian ikus daitekeen moduan. 

Elias Salaberria margolari gipuzkoarrak (Lezo,1883- Madril, 1953) egin berri zuen San Ignazio Loiolakoa margolana, eta besteak beste, obra hura ikusten izan zen Espainiako erregina; argazkian, Habsburgo-Lorrenakoaren ezkerretara ageri da obraren egilea bera. XX. mendearen aurrenetan izen handiko erretratugilea izan zen lezoarra, eta pertsonaia historikoak eta erlijiosoak margotu zituen; haren sorkuntza garrantzitsuenetako bat da Loiolako santuarena.

Ricardo Martin argazkilariak ateratako argazkia da goikoa, Kutxa Fundazioak dauka jasota Kutxatekan.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide