Kaka Flash irrati librearen hotsean

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Netzer Bereziartua eta Jexux Segurola Xegu zena Kaka Flasheko estudioan irratsaioa egiten. (Netzer Bereziartuak Uztarriari utzitakoa)

Euskal Herrian irrati libreen mugimenduak loraldi nabarmena izan zuen 1980ko hamarkadan, eta aitzindarietako bat izan zen Azpeiti-Azkoitiko hainbat gaztek sortutako Kaka Flash irrati librea. Zortzi urteko ibilbidea izan zuen emisoreak.

Asteartean, urriaren 6an, 40 urte beteko dira Kaka Flash irrati librearen aldeko hilabete kulturala egiten hasi zirela; Amarauna webguneko efemerideetan aipatzen denez, 1986ko urriaren 6an ekin zioten hilabete horretako jarduerei. 1984ko apirilaren hondarrean barreiatu zituen lehen hotsak Kaka Flash irrati libreak Sanjuandegiko Barrenetxe nauzunetik frekuentzia modulatuaren (FM) 104tik. Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat gazte eta ez hain gazte elkartu eta sortu zuten irrati librea. Garai hartan Azpeitia-Azkoitiko irrati librea ezagutzen ez zutenak gutxi izango ziren, batzuentzat erreferentzia zen, baina beste batzuentzat gatazka iturri.

Trantsizioaren ondoko urteak ziren, mugimendu askokoak eta krisi ekonomikoak eragindako langabezia nabarmena zen. Eta, gazteen artean batik bat, antolatzeko modu berriak jorratzen hasita zeuden. Irrati libreen mugimenduak ere loraldi nabarmena izan zuen Euskal Herrian 1980ko hamarkadan, eta Kaka Flash loraldi horren aurrenetakoa izan zen. Kaka Flash irrati librearen nondik norakoak Uztarria aldizkariaren 2009. urteko apirileko 105. zenbakian egindako erreportaje batean daude jasota.

Autogestioaren printzipioarekin funtzionatzen zuen irratiak, eta dirua lortzeko era askotako ekintzak egiten zituzten: bonoak saldu, futbito txapelketa, San Tomas eguneko txosna, taberna, afariak, Kaka Flash Eguna, berbenak... Aurreneko hiru urteetan pil-pilean egon zen.

1986ko urtarrilean, ordea, Ertzaintzak Barrenetxeko emisorea itxi egin zuen. Dena den, Kaka Flash irratiko kideek ez zuten amore eman, eta hilabetera beste emisore batekin grabazioak eginda, emititzeko Komuntzora edota Urrakira igotzen ziren. Irratia berriro martxan jartzeko Enparan kaleko etxe okupatu batean dena muntatu zuten berriro, baina saiakera ezerezean gelditu zen, harik eta 1992. urtean irrati librearen hotsa isildu zen arte.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide