Errebalak kanpoaldetik erdigunera gerturatuz

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

1930 aldeko Bustintzuriko Errebalaren hasiera ikusten da, Nikolas Oteizak ateratako argazki zaharrean. (Nikolas Oteiza) 

Azpeitiak bi errebal ditu kale izendegian: Txaribarkoa eta Bustintzurikoa. Herrigune nagusitik kanpoko kaleak izatetik, Alde Zaharraren parte dira gaur egun. Bustintzurikoan azaroan ospatu izan dituzte kaleko jaiak; San Martin egunaren bueltan.

"Erdi Aroan, herrigune nagusien harresietatik edota ateetatik kanpo eraikitako auzoei esaten zitzaien errebal. Azpeitiko egungo kale izendegian badira bi errebal: Txaribarkoa bata, parrokiaren ondoan; eta Bustintzurikoa, bestea. Baina azken hori da, azpeitiarrentzat, Errebala izenaren jabe. Errebal jatorritik Azpeitiko bizitzaren erdiguneetako izatera igaro zen aspaldi Errebala, egunez zein gauez, azken urteetan zentralitate hori apalduz joan den arren", hala azaltzen du Mailo Oiarzabal kazetariak 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikuluan, bi errebaldarrekin hitz eginda. 

Artikulu horretan kontatzen dute garai bateko Bustintzuriko Errebalak gaur egungoarekin antz gutxi zuela. Bizitza askoko kalea izan zen garai batean, eta azken urteetan pixka bat galdu egin du ezaugarri hori. Errebalean San Martin egunaren bueltan ospatzen dituzte kaleko jaiak, eta iaz errebaleko bizitza eta festak suspertze aldera, hiru eguneko egitaraua prestatu zuen auzotar talde batek: haurrentzako ekintzak, musika saioak, kale-bazkaria, henna tailerra, irrintzi topaketa... Urteetan Errebaleko festetan egindako sokamuturrik ezin izan zuten antolatu iaz, dermatosi nodularra gaitza tarteko hartutako neurrien ondorioz.

Aurtengorako ere antolatu dituzte sanmartinak Errebalean, hainbat berrikuntzekin eta sokamuturra berreskuratuta azaroaren 6tik 8ra ospatuko dituzte kaleko festak.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide