Aurreko astean iragarri bezala, urriaren 16an (larunbata) eta 17an (igandea) izango da Zezen Beltz XII. aste bukaera, pandemia dela-eta iazko etenaren ondoren berriz ere martxa hartuta, eta parte hartze handia izango du; izan ere, 46 partaide ariko dira Grand Prixean, uztaietan eta errekortarietan.
Urriaren 16an Grand Prixa izango da, Azpeitiko zezen plazan (17:00), eta taldeak jada erabakita daude. Lau talde ariko dira, zazpina lagunekin. Denak ere, Azpeitiko gazteak, neska-mutilak. Sei jolas egin beharko dituzte ordu eta erdi iraungo duen saioan: zezenekin bi, eta besteak obstakuluekin eta puzgarriekin.
Urriaren 17an ere zezen plazan izango da uztaien eta errekortarien saioa, 17:00etan hasita. Uztaiekin lau bikote izango dira, bina lagunekoak. Gero neska errekortariek parte hartuko dute. Horietako bat azpeitiarra izango da: June Urain. Bigantxa gazteak izango dituzte aurrean. Haien ostean, 16 urteko lau lagun ariko dira, errekortari lanetan, bigantxekin, eta gero, 16 urtetik gorako beste lau, idisko gazteekin. Partaide denak —Zaragozako (Espainia) neska bat salbu—, ingurukoak izango dira.
Sarrerak salgai tabernetan
Grand Prixeko eta errekortarien saioko sarrerak salgai daude Korrale, Mendizabal, Jim Clark, Intz, Berdie eta Eguzkitza tabernetan, bost eurotan, eta, egunean bertan, zezen plazako leihatilan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik.
Urriaren 16an eta 17an zezen txikiak eta poniak izango dira umeentzat, Perdillegiko jolastokian, 12:00etan.