Prest karnabaletarako?
Bai. Aurten, gainera, sokan nire azkeneko urtea izanda, zezeneko irteera denak egingo ditut: igandean, astelehenean eta asteartean, bost irteerak. Normalean, pare bat egiten ditugu sokamutilok. Baina aurten nik, denak.
Zergatik utziko diozu sokari?
2011n hasi nintzen sokamutil, eta, hortaz, jada egin ditut urte batzuk. Urtero gehiago kostatzen zait sokarako fisikoki prestatzen hastea, eta gazteei lekua uztea ere ona da. Gazteak badu txispa hori.
Aurten irteera denak egingo dituzunez, ondo prestatuko zinen...
Beharko! Bestela, porru eginda bukatuko dut.
Nolatan hasi zinen sokamutil?
Behin, soziedadean kafea hartzen ari nintzela, Erik Etxeberria sokamutilak hots egin zidan, baja bat izan zutela eta ea animatuko nintzen sokan irtetera. Segituan eman nion baiezkoa. Etxera joan, eta amari esan nion. Amak: "Lehen baino gertuago ez haiz ibiliko...". Elegante Egunean egin nuen debuta. Hurrengo egunean, aberia!
Kontatu...
Eskumutur bat hautsi nuen. Egañaneko parean zezenak hesi bat jo eta txikitu egin zuen, hesiaren gainean nengoen neu, lurrera erori nintzen, eskua gaizki jarri nuen eta eskumuturra hautsi. Zorte txarra. Hiru bat hilabetean egon nintzen igeltsuarekin.
Txikitatik izan al duzu sokamuturrarekiko zaletasuna?
Bai. Amarekin –Errezilgoa da– jaisten nintzen Azpeitira, zezenera. Nire garaiko jendea karnabaletan Goiaztik Azpeitira beti, ez Tolosara, eta hori eskolan Tolosan genbiltzala. Esango nuke orain joera aldatzen ari dela. Gozatu egiten nuen, plazan eta. [Haritz Segurola] Xague sokamutilak ezagutzen ninduen ordurako, eta esaten zidan, idiskoengatik: "Hauek ez dituk etxeko behiak, e!…".
Beste pasadizorik bai aipatzeko?
Lopene ganadutegiak Azpeitian lehen aldia izan zuenean, zezen bat, Elizkalean goian, ez zen kamioira sartzen; saiatzen ginen, baina, kamoi parera ailegatzean, zezenak buelta ematen zuen. Halaxe, pentsatu nuen soka hartzea eta neurekin eramatea kamioira. Lortu nuen barruan sartzea, baina, barruan nintzela, beste zezen baten gainean jarri eta erori egin nintzen kamioian.
Zale bezala, zein toki duzu gustukoen?
Plazak joko handia ematen du. Errebala ere gustatzen zait.
Gutxien?
Elizkalea eta Enparan kalea. Lehen, karrera gehiago egoten ziren irekita.
Eta zein da zuretzat momenturik bereziena?
Elegante Egun arratsaldeko irteera. Ez dago halako sanferminik! Hori da anbientea! Azkeneko urteetako kontua da. Sokan hasi nintzenean, ez zegoen horrelako jendetzarik eta girorik momentu horretan han.