Bueltan da errekortarien saioa, punta-puntakoa

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2022ko uzt. 15a, 11:14

Zezen Beltzeko ordezkariak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburua, Errekortari Txapelketa Nagusiko aurkezpenean. (Zezen Beltz)
Uztailaren 25ean, Santio egunean, izango da Azpeitian Errekortari Txapelketa Nagusiko saioa, 18:00etan hasita. 2019an izan zen azkenekoa, pandemiagatik ez da egin geroztik. Kanporaketa fase baten ondoren, final handia izango da. Sarrerak salgai daude, gaurtik.

Hiru urteko etenaren ondoren, hemen da berriz ere Errekortari Txapelketa Nagusiko saioa Azpeitian. Uztailaren 25ean (astelehena) izango da, Santio egunez, zezen plazan, 18:00etatik aurrera. Zezen Beltz elkarteak eta Toropasión enpresak antolatu dute txapelketa, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Atzo arratsaldean izan zen aurkezpena zezen plazan —goiko argazkian, Zezen Beltzeko kideak eta Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburua—.

Punta-puntako hamabi errekortarik parte hartuko dute, eta haien artean lau euskal herritar ariko dira: Aaron Grande, Mikel Vallejo, Gorka Santamaria eta Pedro Caballo Piter.

Kanporaketak

  • Lehen fasean, hamabi parte hartzaileak lau multzotan banatuko dira, eta lau zezen aterako dituzte. Talde bakoitzeko onena final handirako sailkatuko da.
  • Ondoren, final handian, errekortariak parez pare neurtuko dira. Bakoitzak errekortea gutxienez behin egin beharko du, hori baita lehiaketa mota honen funtsa. Horrez gain, libre izango dira nahi adina errekorte edo jauzi egiteko.

Parte hartzaileak

  • Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia). Espainiako Txapelketako irabazlea 2016an, 2017an eta 2018an, lau aldiz garaile Azpeitian.
  • Paquito Murillo (Madril). Bi aldiz txapeldun Iruñean, Azpeitiko txapeldun hiru urtez.
  • Javier Pradanas (Mejorada del Campo, Madril). Valentziako Falletako irabazlea 2019an, Ciudad Rodrigoko irabazle, Tuterako garaile.
  • Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril). Espainiako Txapelketako irabazle hiru aldiz, bost aldiz irabazle Madrilen.
  • Aaron Grande (Iruñea). Espainiako Txapelketako irabazle hiru aldiz, lautan txapeldun Bilbon, Iruñean txapeldun behin, errokortari ligako txapelduna behin.
  • Pablo Martin Guindi (La Pedraja de Portillo, Valladolid, Espainia). 2019an irabazle Azpeitian (Use-k eta biek partekatu zuten garaipena).
  • Arturo Tapia.
  • Ivan Gonzalez.
  • Mikel Vallejo (Gasteiz).
  • Gorka Santamaria (Soraluze, Gipuzkoa).
  • Pedro Caballo Piter (Durango, Bizkaia).
  • Juancar De la Puebla.

Sarrerak salgai gaurtik

Hilaren 25eko errekortarien saiorako sarrerak salgai gaurtik (uztailak 15) aurrera jarriko ditu Zezen Beltz elkarteak:
 
  • Azpeitian Pastorkua, Mendizaleak, Berdie, Jim Clark, Eguzkitza, Etxe Zuri eta Kantoi tabernetan, eta Azkoitian, Elurre kafetegian.
  • Udaletxeko arkupeetan: uztailaren 15ean, 21ean eta 22an (18:30-20:00) eta 25ean (12:30-14:00).
  • Ekitaldiaren egun berean, 17:00etatik aurrera, zezen plazan.
Sarrerak aurretik erostea gomendatzen da. 0-4 urtekoek doan izango dute sarrera, eta besteek, 10 eta 22 euro artean. Azkenengoz 2019an egin zen Errekortari Txapelketa Nagusia Azpeitian, eta honako lotura honetan ikus daitezke orduko argazkiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide