Kostola baserria, Olatz auzoa, Mutriku. Urtarrilak 14, larunbata. Sukaldean da Andoni Mugerza (Mutriku, 1974), Arnoko ganaduzalea. Bertan dira haren ama Maria Angeles Arriola eta emazte Eneritz Aranburu. Ez da erraza izan elkarrizketa hasiera: zergatik utzi du Arno ganadutegiak Azpeitiko sokamuturra? Kafea, pastak, behekoa sua; giro goxoa dago sukaldean, baina… Eman behar azalpena, ordea.
Zergatik utzi du Arno ganadutegiak Azpeitiko sokamuturra?
Arrazoi batzuk daude tartean. Nekea da horietako bat, baina nagusia da plaza baterako —Azpeitikorako, alegia— hainbeste idisko edukitzea ez dela errentagarria.
Orain dela bi urte, pandemia garaian, Zezenbeltz.eus-en aipatu zenituen zailtasunak…
Garai haietan ja banengoen uztekotan, baina orduan ezin zen idiskorik saldu; lana dagoenean saldu behar duzu, eta orduan plazarik ez zegoen. Iaz hasi zen berriz ere martxa, eta segitzea erabaki nuen. Baina iaz ja, urri erdialdera, Azpeitiko Udalari esan nion utzi egingo nuela. Hau nuen Azpeitia uzteko garaia. Kito! [Arno Azpeitiko sokamuturrean 2022ko karnabaletako astearte arratsaldean aritu zen azkeneko aldiz, martxoaren 1ean].
Dena utziko al duzu?
Azpeitikoa utziko dut, idiskoekin ibiltze hori. Behiekin eta zezen txikiekin segituko dut han eta hemen.
Azpeitian ez ezik, non atera izan dituzu idiskoak?
Elgoibarren eta Oñatin.
Beraiek?
Bai, baina Azpeitian arratsalde batean zortzi-bederatzi, eta besteetan, hiru edo lau. Aldea dago. Gainera, ganadua ondo udan egoten da, eta Azpeitiko sokamuturra neguan izaten da. Neguan egunero barrura sartu behar dituzu, gehiago zaindu…
Lotura handia?
Esan bezala, Azpeitiko sokamuturrerako bederatzi-hamar idisko izan behar dituzu prest, eta txikiagoak ere bai, jakina, lekukoa hartzeko gero. Horrek lan eta sakrifizio handia eskatzen du. Lotura handia da, eta horrekin bukatzea erabaki dut. Idiskoak edukitzea eguneroko dedikazioa da: jaten eman, zaindu, buruhausteak —haien borrokak, batek hesiren bat puskatu duela, eta abar—. Asko exijitzen du, eta gastua ere bada. Azpeitian urtean bi egunean egoteko [sansebastianetan eta karnabaletan], lotura handiegia da.
Hemengoa zara, Mutrikuko Kostola baserrikoa, eta Azpeitian bizi zara.
Eta egunero etortzen naiz ni hona. Gustura aritu izan naiz idiskoekin ere, baina kito. Gure baserriko egoera ere aldatuz doa denbora aurrera doan heinean, eta hori ere bada baldintza bat. Konjunto bat da dena.
Zeu noiz hasi zinen honetan?
Umetatik hau bizi izan dut. 48 urte ditut orain, eta gure ganadua Azpeitian orain dela 46 edo 47 urte hasi zen, osaba Agustinek [Mugerza] esaten didanez. Agustinekin eta beste osaba Joxe Marirekin [Arriola] umetatik ibili izan naiz, eta 30 urtean behintzat jardun dut Azpeitian lanean zezenekin. Amorratzen egoten ginen Azpeitira joateko. Agustinek eta biok urte mordoan jardun dugu; hark zezen batzuk gordetzen zituen bere baserrian, eta Azpeitian elkarrekin botatzen genituen. Agustin orain zazpi bat urte jubilatu zen, eta neuk segitu nuen, bakarrik; harrezkero zezen denak hemen izan ditugu, eta lana zailagoa izan da.
Defizitarioa al da idiskoak izatea?
Diru kontuak orekatzeko modua bada behiak eta zezen txikiak botatzea, hala ibili izan gara, baina idiskoena ez da diru kontua bakarrik. Aipatu izan da diru gehiago kobratzea horregatik, baina horrek esan nahi du datorren urterako ere lotura izatea. Behiek askoz lan txikiagoa ematen dute; askoz erosoagoa da haiek izatea.
Zer etorkizun ikusten diozu Azpeitiko sokamuturrari?
Gero eta zatarragoa, baina segituko du. Afizioa oso handia da, urtero ikusten dugun bezala, eta ganaduzaleak egongo dira; beti sortuko da bateren bat, seguru. Hori bai, hemen ingurukoak izan beharko. Nafarroan ganadutegi pila bat dago, baina ez dira etorriko Azpeitiko sokamuturrera, honen ezaugarriengatik. Nafarroan ez daude ohituta horretara.
Utzi izanaren penarik?
Bai, kristorena! Baina bukatu da.
Nolakoa da Azpeitiko sokamuturra ganaduzaleentzat?
Idisko ona bota behar duzu, eta kale denetan. Gu hasi ginenean, itxurazko pare bat botatzen zenituen, eta bale izaten zen. Orain, ordea… Toki denetan egoten da jende asko ikusten. Maila ona eman behar duzu. Hori ere bada exijentzia handia, eta urte osoko lana eskatzen du.
Zer beste ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Luzea izaten da arratsaldeko sokamuturra: hiru ordu eta erdikoa. Denbora asko da hori; luzetxo egiten da, neure ustez. Zezen batek, batez beste, ordu erdi bat egiten du kalean, eta azkeneko hamar bat minutuetan nekatuta egoten da. Soka ere bada beste berezitasun bat; zikina hartzen du, pisua. Entzunda nago behin astearte karnabal goiz batean 92 kilo pisatu zituela [Soka ez da eten dokumentalean (2011) dio hori Anton Albizu ganaduzale ohiak. Filma bideoan eta liburua formatuan]. Hori kalean gora eta behera erabili egin behar da, e!
Beste berezitasunik?
Durangon kalean zehar eramaten dute zezena, eta plazan lotu. Hondarribian ere bai, kale batean, Aste Santuko irteera batean. Azpeitian, berriz, plazan eta kale batzuetan, arratsalde osoan. Bada berezitasun bat.
Pasadizorik gogoan?
Soka apurtutakoak. Baditut momentu batzuk gogoan. Behin Enparan kalean apurtu zen soka, eta kalean gora joan zen zezena, handik Erdikalera hartu zuen, eta Madalena aldeko harrobiraino heldu zen. Hango putzuan harrapatu genuen. Beste behin, 1990ean, Artzubian eten zen soka, eta Pastorkuaneko atzealdera joan zen; jende batek zezenaren gainera saltatu zuen. Edota beste behin Elizkalean apurtu soka, eta zezena eliz atarira joan zela uste dut. Enparan zubian harrapatu genueneko momentu bat ere badut buruan.
San Sebastian eguneko hitzordu fijoa izan da zuena. Aurten Lopenek hartuko dizue lekukoa.
Eta ederra izaten zen plana: zezena bota eguerdian, gero Mendizabalera joan, bazkaldu, eta berriro arratsaldean zezena bota. Ez da plan txarra.
Aurten azalduko al zara?
Bai, ez egin dudarik. Ikusi lasai, kontuak esan, eta etxera.
Aukeratu: Azpeitiko sokamuturreko egun bat?
San Sebastian eguna. Giro berezia egoten da. Aurreko gaueko danborradako arrastorik izaten da artean, eguerdian bertan ere danbor jotzaileak izaten dira… Ederra! Azpeitian zezena botatzeko egun politena da.
Zezena botatzeko toki bat?
Plaza eta Artzubia. Onak dira zezena ibiltzeko.
Ikusteko toki bat?
Plaza.
Andoni, adio esan behar, hortaz...?
Bai, bukatu da Azpeitikoa. Kito.