Noiztik zabiltza errekortari?
16 urte nituenetik. Bergarako Zezenekin harremana dut, eta bideo pila bat ere ikusi izan ditut. Nire herrian, Durangon, zezen zaletasun handia dago, eta horrek ere bultzatu nau. Gainera, azkeneko urteetan Iruñean nabil ikasketak egiten —Albaitaritza—, eta badakigu Iruñean ere badela zaletasun handia. Beraz, faktore askogatik nago zezen munduan, eta, besteak beste, errekortari jarduten dut.
Azpeitian datorren uztailaren 25ean izango da errekortarien saioa. Lehen aldiz ariko zara bertan.
Bai. Zezen Beltz elkarteko kideek esan eta animatu naute. Ezagutzen ditut hango kide batzuk. Aurten ja jardun dut Azpeitian, bigantxekin, uztaiak jartzen. Dena dela, ni zezenekin ibiltzen naiz hobeto.
Non aritu izan zara?
Ahal den lekuetan: Bergaran [Gipuzkoa], Arrasaten [Gipuzkoa], Nafarroako herri batzuetan…
Errekortari bezala zertan nabarmentzen zarela uste duzu?
Lan denak egiten ditut: izkin egitea, jauzia, errekorteak… Esango nuke nire dohairik onenak izkin egitea eta zezenaren aurrean belauniko jartzea direla. Hala ere, belauniko jartze hori ez da beti posible izaten, eta ez dakit jarriko naizen Azpeitiko saioan.
Nola entrenatzen zara?
Astebukaeretan zein herritan dagoen zezena, hara joaten gara. Kapeetan ere aritzen naiz: Lopene ganadutegian, Nafarroan…
Azpeitiko sokamuturrera etortzen zara.
Asko gustatzen baitzait. Nire ustez, Euskal Herrian dagoen sokamuturrik onena da Azpeitikoa.
Noiztik etortzen zara sokamuturrera?
16 urte nituenetik, eta urtero izan naiz bertan. Aurten, gainera, lagun batzuetan nekazaletxe batean pasatu ditugu karnabalak, eta bete-betean ibili naiz: parranda pixka bat, zezenean… Oso sasoiko sentitu naiz zezenaren aurrean.