Santioak eta saninazioak 2023

Gorka Santamaria: "Iaz paseilloan ileak tente jarri zitzaizkidan"

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2023ko uzt. 19a, 09:37

Gorka Santamaria (Soraluze, 1996) ere ariko da uztailaren 25ean Azpeitian Errekortarien Txapelketan (18:00, zezen plaza). Joan den urtean ere jardun zuen, lehen aldiz. Gustuko plaza du Azpeitia.

Noiztik datorkizu zezeneko zaletasuna?

Txikitatik. Gure herriko hiru auzoetan txahalak botatzen zituzten festetan, eta han ibiltzen ginen gu. 16 urte bete nituenetik, berriz, herriko festetan, behiekin.

Eta noiztik zabiltza errekortari bezala?

Zezenean ibiltzeko, gehiago gustatzen zait kalea plaza baino, baina COVID-19ak dena moztu zuen, eta pandemian pixka bat irteten utzi zutenean, kapeak antolatzen hasi ginen. Askotan joan ginen Nafarroara, lagun asko ditudalako han; Toropasion enpresara ere joan ginen [Rincon de Soto, Errioxa], Bergarako Zezenak ganadutegira…

Noiz egin zenuen lehen plaza errekortari moduan?

Orain dela bi urte, ekainean, Errioxan.

Azpeitiko txapelketan izango zara, hilaren 25ean. Iaz ere egon zinen.

Bai, eta igual jendea nire saioarekin gustura geratu zelako deitu naute orain berriz.

Zeinek esan zizun Azpeitian aritzeko?

Urko Arrieta Zezen Beltzeko kidearekin badut harremana, eta esan nion noizbait Azpeitiko txapelketan parte hartzeko gogoa neukala. Hitz egin zuten beraien artean, eta iaz aukera eman zidaten irteteko. Santioetan Soraluzeko festak ere izaten dira, baina egon izan naiz Azpeitian errekortarien saioa ikusten, eta, ezin izan dudanean, ETBn edo Interneten ikusi izan dut gero. Neure buruari beti esaten nion gustatuko litzaidakeela egunen batean bertan hartzea parte. Joan den urtean izan nuen aukera hori.

Eta zer moduz?

Oso gustura sentitu nintzen. Hasierako paseilloan ileak tente jarri zitzaizkidan: Azpeitiko saioan nengoen, pila bat ikusle, errekortari onak… Gustura sentitu nintzen saioan eta zezenaren aurrean. Baina esan beharra dut asko lagundu zidatela Mikel Vallejo gasteiztar eta Pedro Caballo Piter durangar errekortariek.

Urtean plaza asko izaten al dituzu?

Beste batzuekin konparatuta, asko ez. Joan den urtean 10-12 egin nituen; Euskal Herrian edota Aragoin.

Zertan nabarmentzen zarela uste duzu?

Izkin egiten, eta hor, errebertsoan.

Azpeitiko sokamuturrera ere etortzen zara.

Bai, oso gustukoa dudalako; oso polita da. Urtero izaten naiz hor, sansebastianetan eta karnabaletan, baldin eta ez badut konpromiso handiren bat. Gainera, Bergarako Zezenak urtero izaten da Azpeitiko sokamuturrean, eta Iñigo Almorza ganaduzaleari pixka bat laguntzen ibiltzen gara.
Gorka Santamaria, Azpeitiko sokamuturrean.

Ander Gallastegi: “Faktore askogatik nago zezen munduan, eta errekortari ere jarduten dut”

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide