Datorren larunbatean eta igandean izango da XV. Zezen Beltz Asteburua, Azpeitian, eta, azkeneko urteen aldean, berritasun bat izango da: helduen sokamuturra igandean, ohiko ibilbidearekin. 16:30ean hasiko da, Erdikale barrenean, eta 20:00etan bukatuko, Enparan kale barrenean. Zehazki, bere XV. asteburua delako antolatu du Zezen Beltz elkarteak helduen sokamuturra ohiko ibilbidearekin. Normalez, elkartearen ospakizunean, Artzubia kalean izaten da helduen kaleko zezena.
Ez da oraingoa izango Zezen Beltz Asteburuan helduen sokamuturra sansebastianetako eta karnabaletako ibilbidean izango den lehen aldia, 2013an ere izan zelako. Igandean bezala, Lopene izan zen ganadutegia; hain zuzen, Lopenek orduan izan zuen bere estreinaldia Azpeitian —ordukoa da bideo hau—. Zezen Beltzen V. Asteburua izan zen orduan.
Azpeitiko Udala gaur hasi da sokamuturrerako ibilbidean hesiak jartzen. Goi-goiko argazkian, hesiak Artetxeneko parean, gaur.
Zezen Beltz XV. Asteburuaren egitaraua:
Urriak 19, larunbata:
- 11:30: Zezen bolaztatuak, zezen plazan.
- 17:00: Grand Prixa, zezen plazan. Ondoren, zezen bolaztatutak.
Urriak 20, igandea:
- 12:00: Txahal saiheski, solomo eta oilasko erretzea eta dastatzea plazan.
- 12:30: Karretoiarekin entzierroa, Perez Arregi plazatxotik plazara. Ondoren, argazki erraldoia.
- 16:30: Helduen sokamuturra, ohiko ibilbidean.