Sokamutil izateari utziko diozue biok.
Jagoba Labaka. Hala da. Ni 2008an hasi nintzen, 16 urte nituela. San Sebastian egunaren hurrengo igandean irten nuen. Karnabaletan nintzen irtetekoa, baina sansebastianetan sokako kide batek besoa atera zuen eta haren partez irten nuen festa haietan.
Erik Etxeberria. Neu 2010ean hasi nintzen, Andoni Etxeberriarekin batera.
Nolatan hasi zineten?
J.L. Gure ama eta Oskar Osinalde sokamutil ohia lehengusuak dira, eta Oskarrek, sokamutil zela, familiako bazkarietan-eta esaten zidan ea hasiko nintzen sokan. Gure etxean ez da zaletasun handirik egon, baina anaia eta biok zezen txikiekin ibiltzen ginen, lagunekin ere bai batera eta bestera, Oskarren bueltan ere bai, eta halaxe animatu nintzen sokamutil izatera, oso gaztea nintzen arren.
E.E. Nik amama zena, Euxebi, aitaren ama, oso zezenzalea nuen. Beti galdetzen zidan ea noiz hasi behar nuen sokan. “Hik noiz irten behar duk?”. Txato sokamutila [Aitor Iriarte] lankidea nuen, Corrugadosen, Alex [Berasategi] Patxo sokamutila laguna, eta biek aipatu zidaten jendea behar zela sokan eta ea hasiko al nintzen. Baietz, nik. Amamak, hil aurretik, ikusi ninduen sokamutil: 2010ean, Jai Karnabalean, sokan debutatu nuenean. Miserikordiko atarian argazkia atera genuen biok. Gordeta dut, koadro batean.
Zu, Jagoba, aldi batez utzita egon zinen.
J.L. 21 urterekin erremontean debuta egin nuen, eta, sokamuturrean lesioak izateko aukera dagoela eta, pentsatu nuen hobe nuela tarte batez soka uztea. Pare bat urtean egon nintzen lagata. Baina gero berriz ere hasi nintzen, nahiz eta erremontean segitu.
E.E. Nik beti irten dut; pandemia garaian izan ezik, noski. Hirutan min hartu dut: bi aldiz besoa atera nuen, bietan eskubia eta bietan Errebalean, Urtzineko aurrean; beste batean, Artetxeneko parean, hankako behatz bat hautsi nuen, sokak jota hesiaren kontra.
Nolakoa da balorazioa?
E.E. Kuadrilla handi bat osatu dugu sokamutilok. Jende desberdina gara, eta, honegatik izan ez balitz, ez ginatekeen juntatuko. Beti egon izan da zaharragoekiko errespetu puntu hori; nire garaian, Fernando Arakistain, Aitor Kordoba, Oskar Osinalde, Iban Sudupe eta haiekiko. Orain geu gara beteranoak. Oso harreman ona dugu gazteekin. Distantzia txikia dago. Afizio bera daukagu, eta kuadrilla bat gara. Oso esperientzia ona izan da.
J.L. Konpromiso bat da sokamutil izatea, lagunak-eta parrandan daudela zuk sokan irten behar duzulako, baina oso gustura nago neu ere. Esperientzia ederra izan da. Talde polita osatzen dugu, eta beti izan ditugu giro eta umore ona. Inportantea da hori.
Pasadizoren bat aipatzerik bai?
E.E. Miserikordian zezenak hesia saltatu zuenekoa, 2020an, Astearte Karnabal arratsaldean. Estratan zebilen eta tiraka jardun nion. Ikusi nuen bazetorrela, bazetorrela, eta parafarmazia aurreko hesia saltatu nuen. Baina zezenak ere bai, eta aurrez aurre neukan. Oso argazki ona atera zuten. Ez zen ezer pasatu.
J.L. 2009ko Astearte Karnabaleko goizeko irteerakoa aipatuko dut nik. Zezenak Zuhatz parean pasatu egin gintuen, eta sokari ez genion zezenaren aldetik heldu. Plaza Txikian batzuk harrapatu zituen.
Egun bat?
J.L. Astearte Karnabal goiza.
Etxeberria. Jai Karnabala, Elegante Eguna.
Momentu bat?
J.L. Erdikaleko irteera, etxafuegoa bota aurreko momentu hori. Beste bat ere aukeratuko nuke: 2018an, Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrenean, zezena garai batean bezala Etxe Zurineko garajetik atera zenekoa; sokan nintzen, gainera.
E.E. Nik ere irteeratakoa, Erdikalekoa. Magia dauka. Beste bat ere oso gustukoa dut: Miserikorditik plazara goazela, Artetxeneko aldapakoa.
Toki bat?
J.L. Miserikordia. Badu saltsarik: hara ailegatu aurreko biribilgunea, hango estrata...
E.E. Neuk ere Miserikordia. Kale zabala da Artzubia, hesietan jende asko egoten da, biribilgune parean ere bai, eta ezker-eskubi irteera asko daude. Gainera, idisko ederra ateratzen dute, gero pilotalekura arte irauteko.
Zergatik utziko duzue soka?
J.L. Urteak betetzen ari gara gu ere, eta gazteei tokia utzi behar zaie. Aurten ez da sokamutil berririk sartuko. Izan ere, zezena sansebastianetan egongo ez zela eta, eta taldean bederatzi lagun gaudenez, erabaki genuen inor ez hartzea, karnabaletarako nahikoa gaudelakoan. Hurrengo urterako beharko da jendea.
E.E. Hamasei urte dira hasi nintzela. 24 urte nituen, eta aurten 40 egin behar. ditut. Hasierako ilusio berarekin nago; hori ez dut batere galdu. Etxean ez didate esan uzteko, baina utzi egingo dut; hori bai, pena galantarekin. Hiru ume ditugu, eta horrek ere zerikusia du. Jakin egin behar da lagatzen. Jagobaren eta bion partetik, eskerrik asko denei!