Larunbatean izango da Bustinzuriko Errebaleko jaietako helduen sokamuturra

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea

Hainbat lagun sokamuturrean, Artetxe parean. (D. Lopez Aleman)

Urtebeteko geldialdiaren ondoren bueltan izango da San Martin jaietako sokamuturra. 16:30ean hasiko da, eta Artetxe parean ere ibiliko da zezena.

Larunbatean, azaroaren 7an, 16:30ean hasiko da Bustintzuriko Errebaleko San Martin festetako helduen sokamuturra. Azken urteetako berrikuntza mantenduko da: Errebalean, ohiko lekuan ez ezik, Artetxe aurrean ere ibiliko da zezena. Herritarrek zein zezenzaleek sokamuturraz gozatzeko aukera izan dezaten, zezenaren aldaketak eta loturak zehaztuta egongo dira aurrez.

Irteera, ohi bezala, Urtzi taberna aurrean izango da. Behin hamar minutu igarota, Artetxenera mugituko da zezena. Han bost minutu inguru ibili ondoren, zezena aldatuko da. Leku aldaketa dela eta, bigarren zezena Artetxenean botako da; hori ere hamar minutu inguru ibiliko da kalean, eta ondoren, sokamutilen laguntzaz, mugituko da Errebalera. Beste bost bat minutu han ibili ondoren, zezena kamioira sartuko da.

Ibilbidea eta aldaketak horrela izango dira sokamuturrak irauten duen bitartean, 16:30etik 18:00etara gutxi gorabehera. Horrela egitearen helburua da sokamutur saioa dinamikoagoa izatea. Zezena loturaz mugituko den bakoitzean abisua emango da; beraz, arretaz ibili, mesedez.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide