Zuk egindako ibilbidea liburu batean jasota geldituko da. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Oroitzapen eta bizipen asko daude bilduta liburu horretan. Nire ikuspegitik kontatuta dago, denbora pasatzean geratzen den hondar horretatik. Batez ere, nire ibilbidean egindakoak gordetzeko material bat izango dut. Memoria ere denborarekin galtzen joaten da, eta gertaerak ez ahazteko dokumentu bat edukiko dugu; nolabait momentu horiek denak bilduta edo gordeta geldituko dira. Pertsonalki, garrantzia ematen diot horri. Gainera, urteetan bakarrik edo oso pertsona gutxirekin egindako ibilbidea jendearekin elkarbanatzeko modu bat da liburua.
Zergatik Bidea ipar?
Bideak ibilbidea adierazi nahi du, eta iparrak erreferentzia egiten dio iparrorratzari. Pentsatu nahi dut helburu zehatzek eta emaitzek bezainbeste motibatu izan nauela ibilbideak berak; ibilbidea bera izan da helburu nagusia, ez hainbeste lasterketa bat irabaztea edo marka bat egitea. Ibilbide guztiak zentzu bat izan zezan ahalegin du naiz, eta ibilbide horrek zerbait eman ziezadala niri. Hori guztia adierazi nahi du liburuaren izenburuak.
Mendian korrika egitea duzu pasio. Jaioterriarekin eta baserriko bizimoduarekin lotu izan duzu afizioa... Txindokiren magalean jaioa izateak zerikusia al du hartu duzun bidearekin?
Uste dut baietz. Askotan pentsatu izan dut, Donostiako Mirakontxan jaio izan banintz, seguru asko beste balio eta beste gustu batzuk izango nituzkeela. Iruditzen zait inguruak nola edo hala baldintzatu egiten gaituela, eta ni jaio nintzen lekuan jaio nintzen. Nire gaztaroko urteak Amezketan pasatu nituen, eta horrek nolabait baldintzatu egin zizkidan nire gustuak eta ametsak. Nire ingurune naturala horixe zen: mendia eta baserria. Gainera, denbora librean, herrira baino gehiago joaten nintzen mendira, eta askotan, bakarrik. Nire tenperamentuarengatik edo, korrika ibiltzea zerbait naturala zitzaidan, eta, gero, mendi lasterketetan lehiatzen hastea ez zen salto handia izan niretzat.
Amezketatik Iruñera joan zinen unibertsitateko ikasketak gauzatzera. Orduan hasi zinen kirola serioago hartzen, ezta?
Beno, serioago... Iruñean ikasle bizitza eazgutu nuen. Ikasteko denboraz aparte, denbora librea ere izaten nuen, eta denbora libre hori korrika egiteko baliatu nuen. Korrika aurretik ere egiten nuen, baina orduan hasi nintzen entrenamenduetan gehiago sakontzen. Asfaltoko lasterketak egiten hasi nintzen: Behobia-Donostia eta antzeko probetan parte hartu nuen. Orduan ez zegoen mendiko lasterketarik hemen inguruan. Gero, lanean hasi nintzen; horrek ekonomia eman zidan, eta ekonomia horrek autonomia eta independentzia pixka bat. Horrek nire denbora nire erara kudeatzeko aukera eman zidan, eta mendira, Pirinioetara nahiz Alpeetara irteerak egiten hasi nintzen. Horrela, poliki-poliki, nire bidea bilatzen hasi nintzen.
Noiz konturatu zinen zuretzat afizio bat baino gehiago zela mendian korrika egitea?
Hasieran afizioz egiten nuen, eta afizioz eginda, emaitza onak eskuratu nituen. Emaitza on horiek Salomon markarekiko harremana ekarri zuten, eta kontratu hori afizioa baino zerbait gehiago bihurtu zen: hitzarmen horrek konpromiso batzuk dakartza eta beste ikuspegi bat hartzen du zure jardunak. Jada mendian korrika egitea ez zen afizioz soilik egiten nuen zerbait; noski, afizioa zen motibazio nagusia, baina beste dimentsio bat hartu zuen nire jardunak.
2011n sinatu zenuen kontratua Salomonekin. Baina aurretik ere lorpen handiak egindakoa zinen mendian. Besteak beste, 2004an, Txindoki 11 aldiz igo eta jaitsi zenuen 24 orduan.
Txindokin aurrez marka bat egina zegoen, eta inguruko herritarrentzat ezaguna zen arren, oso ekintza lokala zen. Txindoki txiki-txikitatik etxe aurrean ikusten nuen, eta baneukan lotura mendi harekin, baita zerbait egin nahia ere. Erronka hori lortzean ikusi nuen denbora luzez eta zailtasun handiko probetan ondo moldatzen nintzela. Uste baino oihartzun handiagoa izan zuen proba horrek inguruan, eta horren ostean pixka bat gehiago hurbildu nintzen lasterketen mundura, ikusi nuelako horrelako esfortzuetan ondo moldatzen nintzela.
Hurrengo urtean, Zegama-Aizkorri lasterketa egin zenuen. Nahikoa ondo moldatu zinen: sailkapen orokorrean hamargarren gelditu zinen, eta bigarren euskalduna izan zinen.
Bai, aurreneko eta azkeneko aldiz egin nuen 2005ean Zegama-Aizkorri. Orduan egiten nituen entrenamenduak ikusita, orain barre egiten dut: zenbat hanka sartze egiten nituen... Pentsatzen dut horrelako proba bat orain txukunago prestatuko nukeela. Orduan, hala moduz entrenatzen nuen, eta, hala ere, emaitza txukuna lortu nuen. Emaitza horrek Euskal Selekziorako ateak zabaldu zizkidan, eta hurrengo urtean selekzioarekin aritu nintzen Espainiako lasterketa batzuetan.
2007tik 2009ra, parentesi bat egin zenuen, eta alpinismoan aritu zinen. Zergatik lasterka egitetik gailur handietarako pauso hori?
Denborarekin, parentesi bat bezala gelditu da etapa hori, baina nik momentu hartan ez nuen parentesi gisa ikusi. 2006an selekzioarekin ibili nintzen eta emaitza txukunak lortu nituen. Dena den, maratoi eta maratoi erdietako lehia horrek ez ninduen betetzen, eta 2007an ez jarraitzea erabaki nuen. Ni gehiago betetzen ninduen eremura jo nuen: mendira. Beti esan izan dut: iruditzen zait alpinismoa dela mendian egin daitekeen jarduerarik osoena, bai fisikoki, bai mentalki, baita exijentzia aldetik ere. Horregatik, sasoi hartan, alpinismoaren bide hori hartu nuen. Dena den, 2009an, Ehunmilak antolatu zutela eta, ase gabeko distantzia luzeekiko ar hori piztu zidan, eta lehiatzera itzuli nintzen. Ehunmilak proba ez nuen amaitu, baina 2010. urtea nahiko txukun bukatu nuen.
2011n, UTMB Mont Blanceko Ultratrailean sekulako erakustaldia egin zenuen. Hori izan zen zure ibilbideko mugarria.
Bai, hala izan zen. Salomonekin Mont Blanceko probara joan nintzen, eta emaitza bikaina lortu nuen [bigarren postua eskuratu zuen, Kilian Jornet baino bederatzi minutu beranduago helmugaratuta]. Horrek mundu guztirako ateak ireki zizkidan.
Ordutik, hainbat eta hainbat ultratrail irabazi dituzu. Zein da gakoa halako proba luzeak eta gogorrak irabazteko?
Ez dakit. Zein da edozein lanetan egunero ahalik eta ondoen egiten jarraitzeko gakoa? Gauza bakoitzak berea eskatzen du, baina nik esango nuke, zerbaitetan denbora luzez ondo aritu nahi baldin baduzu, inplikazio handia, esfortzua, diziplina eta motibazioa behar direla, gutxienez. Ni mendian korrika gustura aritzen nintzen, eta uste dut distantzia luzea hobeto egokitzen zela nire ezaugarrietara distantzia motza baino; gainera, distantzia luzeko ibilbideek dezente gehiago ematen zidan. Gustura nenbilen, emaitzak ateratzen hasi ziren, eta aurrera egin nuen. Gero, noski, bidean arazoak ere azaltzen dira, lesioak edo emaitza txarrak tarteko, eta hor izaten dira gorabeherak. Baina gustura egiten den zerbait denean, errazago gainditzen dira arazo horiek.
Punta-puntan ibiltze horrek asko eskatuko du. Elkarrizketa batean zera esan zenuen: "Lehen postuetan ibiltzeak egunero eskatzen duen hori utzi egin nahi dut".
Batzuetan exijentzia kanpotik etortzen da, eta beste batzuetan zeure buruari jartzen diozu. Beti punta-puntan ibili nahi baldin baduzu, horrek ezinbestean eskatzen du denbora, dedikazioa, diziplina eta konpromisoa. Hori ezin baldin baduzu eman edo hori emateko prest ez baldin bazaude, ezin duzu jarraitu. Nire kasuan, horixe gertatu zen: ingurunea aldatu egin zitzaidan, eta asebetetze puntu bat baneukan dagoeneko; horrek guztiak ja ez zuen posible egiten helburuak lortzeko behar nuen adina konprometitzea. Orduan, poliki-poliki, lehia uztea erabaki nuen.
Bi urte dira azken lasterketa egingo zela iragarri zenuela. Gaur egun, zer harreman duzu mendiarekin?
Orain, mendira joaten naiz eta korrika ibiltzen naiz, baina ez naiz entrenatzera joaten. Diferentzia hor dago. Orain mendira joaten naiz gustuz, plazerez eta osasunarentzat ona delako, eta lehen, horrez denaz gain, entrenamendu jakin batzuk egitera ere bai. Orain, gogorik ez badaukat, ez da ezer pasatzen.
Lasaiago bizi zara orain?
Alde horretatik, bai.
Atzera begiratuta, zer balio ematen diozu egindako ibilbideari?
Urte asko pasatu ditut mendi lasterketetan, eta nire ingurua ere horretaz baldintzatuta egon da; nagusiki, nire bikotekidea: berak ere denbora asko eskaini dio honi. Bizipen, lagun eta esperientzia asko eman dizkit kirol honek, eta leku asko ezagutu ditut. Hori dena nirekin daramat, eta hori da baliorik handiena duena. Kirol arlotik begiratuta, hor daude marka batzuk, eta horiek hor geldituko dira. Baina horri ez diot hainbesteko baliorik ematen; zerbait pertsonala da, eta kirol hau jarraitzen dutenentzako hor daude emaitzak, baina ez dute aparteko baliorik.
Zer da mendia zuretzat?
Mendia espazio ireki bat da, gustura eta ondo sentitzen naizen leku bat. Munduko edozein lekutan, edozein menditan, etxean bezala sentitzen naiz.
Liburura itzuliz, Kilian Jornet mendi korrikalari ospetsuak idatzi du hitzaurrea. Ohore bat izango da hori, ezta?
Noski. Kilian laguna dut, nahiz eta gutxi egoten garen elkarrekin. Gutxi egoten gara, baina egoten garenean, ez da gauza asko esan beharrik egoten; hitz gutxirekin ulertzen gara. Laguna izateaz gain, taldekidea izan nuen, eta, gainera, gutxik izan duten ohorea izan dut: berarekin ibiltzekoa, lehiatzekoa eta berarengandik ikastekoa. Kirol honetan munduko onena izan da edo izaten jarraitzen du Kilianek, eta horren inguruan ez dago inolako zalantzarik.
Unai Ugartemendiak idatzi du liburua. Uste duzu lan txukuna egin duela?
Bai, noski. Ez nuen liburuaren proiektua aurrera eraman ahal izango haren laguntzarik gabe. Unairen proposamenaren aurretik, izan nuen nire ibilbidearen inguruko liburua egiteko beste proposamenen bat edo beste, baina momentu horietan ez nuen ikusten halako proiektu bati heltzeko nahikoa denbora izan nezakeenik. Gainera, erdarazko planteamenduak ziren, eta horretan ere zalantzak nituen. Unairen proposamena iritsi zenean, ordea, pieza horiek guztiek bat egin zuten. Gainera, Unaik nire ibilbidea pixka bat jarraitu du, dokumentazioa bazeukan, eta materiala ere bai. Liburua osatzeko, ordu asko pasatu ditugu elkarrekin, eta ondo konpondu gara. Eta nik ulertzen dut, edo hala sentitzen dut behintzat, liburua ez dela nirea, biona baizik. Nire ibilbidea, nire gauzak jasotzen dira bertan, baina liburua biona da. Ez da nire meritua, baizik eta nagusiki, berea.